Gizartea -
Ika-mika
Kataluniako mugimendu independentistetan infiltratutako poliziaren auziagatik azalpenak eskatu ditu Colauk
Agente horrek hiru urte eman zituen Bartzelonan, independentziaren aldeko mugimenduetan sartuta, eta harremanak izan zituen 8 emakumerekin. Haietako bostek sexu-abusuak salatu dituzte, "baiezko libre eta informatua" eman ez zutelakoan. Agentea enbadaxa batera bidali dute.
EITB MEDIA
Kataluniako mugimendu sozialetan ustez infiltratutako poliziaren auziagatik azalpenak eskatu ditu Ada Colau Bartzelonako alkateak Fernando Grande-Marlaska Barne ministroari. "Arrazoi politikoengatik, mugimendu sozial demokratikoak kriminalizatzen dituzten polizia-operazioek gure gaitzespenik handiena merezi dute, eta erantzun arin eta irmoa", adierazi du Colauk ministroari helarazitako eskutitzean.
El Español kazetak zabaldu duenez, polizia infiltratua enbaxada batera bidali dute, "kritika eta gaitzespenengatik babesteko helburuz".
Aste honetan La Directa kazetak argitaratutakoaren eta Gara kazetak jasotako arabera, agente horrek hiru urte eman zituen Bartzelonan, independentziaren aldeko mugimenduetan sartuta, informazioa eta kontaktuak lortzeko helburuz. Sexu- eta amodio-harremanak izan zituen gutxienez zortzi emakumerekin.
Haietako bostek polizia horren aurkako salaketa aurkeztu dute, "sexu-erasoak, torturak edo integritate moralaren aurkakoak eta sekretuak ezagutaraztea" delituak egotzita. Adierazi dutenez, polizia zela jakin izango balute, ez lukete berarekin harremanik izango. Hortaz, harreman horiek izateko "baiezko libre eta informatua" eman ez zutela argudiatu dute emakumezko ekintzaile horiek.
Galdeketa Kongresuan
Bestalde, Pilar Calvo Juntseko bozeramaileak Kongresuko Berdintasun Batzordean galdera batzuk erregistratu ditu. Infiltratutako poliziaren auzia "sexu-indarkeria instituzionala" ote den argitzeko eskatu dio Berdintasun Ministerioari, "Estatuko agente gisa jarduten zuen poliziak harremanak izan zituelako salaketa aurkeztu zuten bost emakumeekin, eta bere nagusiei jakinarazi behar zielako egindakoa, horien ustezko oniritziarekin, gainera".
Gainera, Josep Pages Juntseko bozeramaileak beste galdera bat izapidetu du: "10.000 eta 20.000 arteko hileroko soldatarekin, enbaxada baten lanpostu pribilegiatu batekin horrelako jokaera izan zuen pertsona bat saritzea merezi duela uste du Espainiako Gobernuak?".