Gizartea -
Minbiziaren kontrako eguna
Hiru emakumetik batek eta bi gizonetik batek izango dute minbizia bizitzan zehar
Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak minbiziaren prebentziorako, ikerketarako eta detekzio azkarrerako baliabideak eskatu ditu, gogorarazi duenez "denok bizi beharko baitugu minbiziarekin".
Agentziak | EITB Media
Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak antolatuta hainbat ekitaldi egin dira gaur herri eta hiri askotan, minbiziaren kontrako munduko egunaren harira. Gizarte osoa minbiziaren kontrako borrokan engaiatzea helburu duen #TodosContraElCáncer kanpainaren baitan egin dira ekitaldiok, bizi-ohitura osasungarriak sustatu eta 2030erako minbizia gainditzen dutenen kopurua % 70era iristeko helburua lortzen laguntzeko.
Iruñean ehundik gora haurrek elkartearen sinbolo den begizta berde bat osatu dute, eta elkartearekin eskuz esku lan egitearen garrantzia aldarrikatu dute, 2030ean kerik gabeko lehen belaunaldia izateko.
Juan Yeregui kazetariak, pazientea eta Elkartean boluntario denak, adierazpen bat irakurri du eta bertan jendarteari eskatu dio diagnostiko goiztiarreko programetan parte hartzea, "alderdi politikoei exijitzea minbizia lehentasuna izan dadila beraientzat", minbiziaren aurkako elkarteekin lankidetzan aritzea eta gaixotasun horri buruz hitz egitea "beldurrik, haserrerik eta tristurarik gabe".
Minbiziaren Aurkako Espainiako Elkarteak azaldu duenez, minbizia munduko arazo soziosanitario garrantzitsuena da, ez alferrik, 2030ean 21,6 milioi kasu berri egongo direla kalkulatzen dute. Espainiar estatuan 2030ean 330.000 kasu berri aurreikusten dira, bestela esanda, 1,8 minutuero diagnosi berri bat.
Munduko hiru emakumetik batek eta bi gizonetik batek izango dute minbizia bizitzan zehar
"Denok bizi beharko gara minbizitik gertu", ohartarazi du, eta horregatik, herritarrak kontzientziatzearen eta gobernuak prebentzio eta ikerketa politiken sustapenean inplikatzearen garrantzia azpimarratu du Elkarteak.