Gizartea -
Eguraldia
Eguzkia eta izotza protagonista asteburuan
Larunbatean eta igandean ostiraleko joerarekin jarraituko dugu: zerua oskarbi eta hotz handia gauez eta eguneko lehenengo eta azken orduetan.
eitb media
Asteburua eguzkitsua izango da eta eguerdiko orduetan eguzkiak berotu egingo badu ere, hotz handia egingo du gauez eta eguneko lehenengo eta azken orduetan, eta izotza botako du leku askotan.
Euskalmeten iragarpenaren arabera, larunbatean eguzkia izango da jaun eta jabe berriro. Lehen eta azken orduetan hotz handia egingo du eta izotza botako du hainbat tokitan. Zerua egun osoan oskarbi agertuko da. Haizeak hego-ekialdetik joko du, aurreko egunean baino indar gehiagorekin, eta Kantauri isurialdean tenperatura maximoak apur bat igoarazi ditzake. Era horretan, egunaren erdialdeko orduetan giroa epel samarra izango da, ipar partean bereziki.
Igandean eguraldiak ildo beretik jarraituko du, baina hego-ekialdeko haizea zertxobait gehiago indartuko da eta ipar partean tenperatura igoaraziko du. Era horretan lehen orduetan izotza Araban eta Nafarroa erdialde eta hegoaldean botako du gehienbat; eguerdi inguruan giroa goxoagoa izango da. Zerua oskarbi egongo da egun osoan eta maximoak 10-15 ºC artekoak izango dira.
Astelehenean ere eguzkia nagusi izango da, eta asteartean lehenengo lainoak agertuko dira eta asteazkenerako euria eta tenperatura beherakada espero da.
Kontsultatu eguraldiaren iragarpena eitb.eus-en, eta bidali zure argazkiak eta bideoak.