Gizartea -
LOAREN NAHASMENDUAK
Insomnioa: Zer elikagaik errazten dute loa, eta zeinek zaildu?
Elikadurak berebiziko garrantzia du lotarako garaian. Ohera joan aurretik baso bat esne edateak edo alkohola ez kontsumitzeak, esaterako, loa errazten laguntzen du. Ainhoa Alvarez neurofisiologoak azaldu digu zergatik areagotu den horrenbeste nahasmendu hori.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Loaren nahasmenduak nabarmen ugaritu dira azken boladan, eta insomnio-kasuen kopurua, adibidez, bikoiztu egin da; izan ere, azken datuen arabera, helduen % 13-14k insomnio kronikoa pairatzen dute gaur-gaurkoz. Gauez ondo lo egiten ez duen pertsona batek alterazio kognitiboak izan ditzake, eta antsietatea edo depresioa izatera ere hel daiteke.
Daramagun bizitza erritmoa, teknologia berrien erabilera... asko dira loari eragiten dioten faktoreak, eta elikadura-ohiturek ere badute zer esana horretan; izan ere, insomnioari aurre egiteko dieta zehatzik ez dagoen arren, badira hobeto lo egiten lagun dezaketen elikagaiak. Beste batzuek, ordea, loa eragozten dute.
Triptofanoa funtsezko aminoazidoa (proteinen osagaia) da, eta elikadura bidez sartzen da gorputzean; antsietatea, insomnioa eta beste kalte batzuk kontrolatzen laguntzen du. Zer elikagaik dute osagai hori? Frutak, banana eta gereziek, esaterako, baita barazkiek ere, berro, espinaka, orburu eta errukulak, adibidez.
Haragi zuria ere mesedegarria da, hala nola indioilarra eta oilaskoa, eta adituek arrautzak, arrain urdina eta fruitu lehorrak ere jatea gomendatzen dute lo hobeto egiteko.
Esnekiek ere triptofano ugari dute, eta horregatik diote lo egin aurretik baso bat esne hartzea beti dela gomendagarria. Fruitu lehorrek eta haziek eta teinarik gabeko infusioek ere onurak ekartzen dituzte eta eragin positiboa dute gure loan.
Hala ere, badira insomnioa eragin dezaketen hainbat elikagai ere, eta adituek ahal den neurrian horiek ez kontsumitzeko aholkatzen dute. Horien artean daude substantzia estimulatzaileak (kafea, tea eta kola-freskagarriak, bereziki) eta txokolatea. Alkohola kontsumitzeak ere eragin negatiboa du loan, baita afalaurretik azukrea edo opilgintza-produktuak jateak ere.
Ainhoa Alvarez Arabako ESIko Loaren Unitateko neurofisiologoak azaldu digu zergatik areagotu diren loarekin zerikusia duten nahasmenduak, eta insomnioari aurre egiteko hainbat ohitura osasungarriri buruz ere hitz egin digu.
EAEko biztanleek, batez beste, zenbat orduz egiten dute lo?
Osakidetzak egindako inkesta baten arabera, 15 eta 24 urte bitarteko nerabeek eta gazteek egiten dute lo gehien (8 orduz, batez beste), eta adin ertaineko helduek, 45 eta 64 urte bitartekoek, berriz, gutxien (7,2 orduz, batez beste).
Gizonen % 81ek 7 ordu baino gehiago egiten dute lo, txostenaren arabera, baina emakumeen % 77k baino ez dute lortzen egunean, batez beste, ordu horiek ematea lotan.
Datuak lurraldez lurralde bereizita, Araban egiten da lo gutxien. Arabarren % 73,6k egiten dute 7 ordu baino gehiago lo; Bizkaian herritarren % 78k eta Gipuzkoan % 85ek ematen dituzte ordu horiek lotan.