Gizartea -

Lege-proiektua

Suteak itzaltzeko Euskadiko zerbitzuek plazen % 25-40 gorde beharko dizkiete emakumeei

Eusko Jaurlaritzak onartu duenez, "emakumeek plantilletan duten ordezkaritza eskasa zuzentzeko neurriak dira", Ertzaintzaren eta Euskadiko udaltzaingoen kasuan poliziaren euskal legean ezarritakoak bezala.

Irudia: Gasteizko suhiltzaileak
Irudia: Gasteizko suhiltzaileak
Irudia: Gasteizko suhiltzaileak

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko 'Prebentzio, Su Itzaltze eta Salbamendu Zerbitzuen Lege-proiektua' onartu du gaur. Arau horrek, lehen aldiz erregulazio espezifiko batean, "emakumeek plantilletan duten ordezkaritza eskasa zuzentzeko neurriak" jasotzen ditu, Ertzaintzari eta Euskadiko udaltzaingoei EAEko Poliziari buruzko Legean ezarritakoak bezalaxe.

Hala, EAEko Exekutiboak ohar batean azaldu duenez, lege berriak ezartzen du erakundeek plan bereziak abiarazi behar dituztela suteak itzaltzeko zerbitzuetan emakumeen presentzia bermatzeko. Ildo horretan, kategoria guztietan txanda ireki bidez sartzeko hautaketa-prozeduretan zehaztu beharko da emakumeek zenbat plaza bete beharko dituzten haien presentzia orekatzeko.

Legea onartzen denetik aurrera, deialdia egiten duten erakundeek zehaztuko dituzten egitasmoetan zehaztuko da kopuru hori, eta ezin izango da izan, inola ere, deitutako plazen % 25 baino txikiagoa eta % 40 baino handiagoa. Euskal Herriko Poliziari buruzko Legeak Ertzaintzarentzat eta Euskadiko udaltzaingoentzat ezartzen duen tarte bera da.

Euskadiko suhiltzaile zerbitzuen egungo mapa heterogeneoa da: sei erakunderen (hiru hiriburu eta hiru foru aldundi) titulartasuneko 26 parke daude.

Arau berriaren helburua da "Euskadiko suteak itzaltzeko zerbitzu guztien jardunean koordinazio handiagoa eta hobea lortzea, euskal lurralde osora modu eraginkorrean iristeko". Era berean, "suhiltzaile zerbitzu horien eta larrialdiei aurre egiteko eta babes zibilerako euskal sistemako gainerako eragileen (Ertzaintza, udaltzainak, Osakidetza, Dya, Gurutze Gorria, etab.) arteko lankidetza hobetzea" ere du helburu.

Bestalde, suhiltzaileak agintaritzaren agentetzat joko dira. Horregatik, akreditazio profesionaleko agiriak eraman beharko dituzte. Gainera, Jaurlaritzak erregistro bat sortuko du Euskadiko suhiltzaile guztiekin.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bizkaia Gipuzkoa Araba Eusko Jaurlaritza Eusko Legebiltzarra Euskal Autonomia Erkidegoa Suteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Suhiltzaileak