Gizartea -
ELKARRIZKETA
Lide Amilibia: "Elkarlan sendoa izan dugu eta uste dut erantzun egokia ematen asmatu dugula"
Gizarte Politiketarako sailburuordeak Ukrainatik EAEra etorritako errefuxiatuei eman zaien arretaren inguruan hitz egin du Euskadi Irratian. "Hasierako ezjakintasunetik" abiatuta, erakundeen eta eragileen "elkarlan sendoari esker" egoera larriari irtenbidea eman zaiola uste du.
Olatz Prat | EITB Media
Duela urtebete Ukrainiako gerra hasi zenetik 4.000 lagun iritsi dira Araba, Bizkaia eta Gipuzkoara eta erakunde, gizarte eragile eta norbanako asko inplikatu dira horien harreran.
Lide Amilibia Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketarako sailburuordearen esanetan, erakunde-arteko eta erakunde eta gizarte-eragileen arteko "elkarlana sendoa" izan da, eta uste du asmatu dutela egoerari "erantzun egokia" ematen. Hala aitortu du gaur goizean Euskadi Irratiko Faktorian egin dioten elkarrizketan. Euskadiko gizarteak ukrainar errefuxiatuekiko erakutsi duen elkartasuna goraipatu du, eta "familien inplikazioa eta lana zoriontzekoak" direla gaineratu.
Ukrainako Errefuxiatuei Harrera Egiteko Jarraipen Mahaiak gaur, bere 20. bileran onartuko duen Ukraina-Euskadi. Elkartasunezko urtebeteko memoria dokumentuari dagokionez, Amilibiak azaldu du dokumentu horretan bildu nahi izan dela hasietarik martxan jarri diren programak, elkarlanak eta bilerak nondik nora joan diren. "Hasierako ezjakintasunetik hasita", jarraipen mahaian biltzen diren erakunde nahiz gizarte eragile eta Gobernuz Kanpoko Erakundeek egoera egonkortu eta baliabideak planifikatzeko emandako pausoak azaltzen dira.
Sailburuordeak azpimarratu du "egoera oso larrian hasi" zirela erakundeak lanean, "zenbat iritsiko ziren ez genekiela, itsuan". Gero, datuak eduki ahala hasi ziren baliabideak bideratzen, "beti argi edukita bakarrik ez ginela iritsiko eta beharrezkoa zela gizarte eragileekin elkarlanean jardutea". Gogoratu du lehentasun gisa jarri zela diru-laguntzak martxan jarri eta zetozen pertsonei laguntza psikologikoa eskaintzea. "Familiek adierazten zizkiguten beharren arabera, beraiekin diseinatu genituen programak", azaldu du. Bide batez, iragarri du ekainera arte behintzat luzatuko direla martxan jarritako diru-laguntzak.
Ukrainaz besteko errefuxiatuekin konparatuta, jatorriagatiko elkartasun politika baztertzailerik egon dela uste duen galdetuta, Amilibiak aitortu du beste kasu batzuetan aktibatu ez den zuzentarau europar bat aktibatu dela Ukrainaren kasuan, eta horrek erraztu egin duela pertsona horien harrera eta arreta: "Europako erakundeek eskaini dute babes berezi bat eta guk horri jarraituta eskaini diegu laguntza egoera latz eta urgentziazko horretan. Aitortu behar da baliabide asko bideratu direla erakunde nahiz gizartearen aldetik".
Errefuxiatu eta asilo eskatzaileentzat plazak behar direla dio Amilibiak, ez dakien arren esaten zehazki zenbat. Eskumena espainiar Estatuarena izanik, Jaurlaritza harekin koordinatzen eta plazak haien esku jartzen saiatzen dela azaldu du.
Gasteizko Arana klinikan Espainiako Gobernuak egin nahi deun errefuxiatuentzako harrera zentroari dagokionez, elkarrizketa baino eztabaida lehenago sortu izana deitoratu du, eta argitu du koordinazio taldea prestatzen denean ekingo zaiela zentro horren inguruko elkarrizketei.