Gizartea -
Elikadura
Glutenik gabeko produktuak ez dira nutrizionalki glutendunen baliokideak, EHUren ikerketa baten arabera
EHUko ikerketa talde batek glutenik gabeko produktuen jarraipena egin du bederatzi urtez, nutrizioaren ikuspuntutik gabeziak dituzten aztertzeko. Emaitzaren arabera, ez dira oraindik iritsi glutena dutenen baliokide izatera.
EITB Media
EHUko Gluten 3S taldea akreditatuta dago ekoizleei glutenik gabeko produktuen zigilua emateko. Azken bederatzi urte hauetan, taldeak produktu horien ikerketa zabal bat gidatu du, eta nutrizio analisiak egin ditu glutenik gabeko 200 produktu aztertzeko. Ondorioztatu dutenez, produktuen kalitatea nabarmen handitu da denbora horretan, eta, hala ere, oraindik ere produktu horiek ez dira iritsi glutena dutenen baliokide izatera.
Urteek aurrera egin ahala, gero eta zeliakia kasu gehiago ezagutzen dira, eta hazkuntza, gainera, esponentziala da. Adituek diote bi arrazoi izan daitezkeela horretarako. Bata, ingurumeneko faktoreen ondorioz zeliakoen kopurua handitzen ari dela, eta, bestea, diagnostikoak hobetu eta ugaritu egin direla.
Gainera, zeliakiaz gain, glutenak beste nahasmendu batzuk ere eragiten ditu. Hazkuntza hori pertzepzio publikora iritsi da, eta arazo bat sortu du horrek, "jendeak uste baitu glutenik gabeko dieta osasuntsuagoa dela glutena duena baino, eta uste oker hori kaltegarria izan daiteke".
"Dietari leporatzen zaizkio zenbait ezaugarri, berez dietarekin loturarik ez dutenak. Datuek erakusten dute glutenik gabekoak ez direla produktu osasuntsuagoak", Jonatan Miranda Gomez EHUko farmazialariak eta Gluten 3S ikerketa taldeko ikertzaileak adierazi duenez.
Zeliakoen proportzioa ez da aldatu, jarraitzen du % 1ekoa izaten, gutxi gorabehera. Baina, batetik, populazioa handitu da, eta, beste alde batetik, glutenarekiko sentikortasunak azaldu dira, eta, talde hori kontuan hartuta, arazoak populazioaren % 10i eragiten dio. "Industria kontziente izan da horretaz eta, horrenbestez, produktu gehiago garatu ditu, eta horrek ahalbidetu du industriak gehiago ikertzea eta beste osagai batzuk hartzea kontuan".