Gizartea -
Koronabirusa
Hiru urte dira Euskadin covid-19aren lehen bi kasu positiboak hauteman zituztela
Euskadin atzemandako lehen bi positiboak 2020ko urtarrilaren 28an detektatu zituzten, biek Italiara eta Andaluziara bidaia egin ondoren. Ordutik, 800.000 positibo eta 8.490 heriotza zenbatu dira.
Agentziak | EITB Media
Astearte honetan, otsailaren 28an, hiru urte bete dira Euskadin covid-19aren lehen bi kasu positiboak baieztatu zituztenetik, Gipuzkoan bata eta Araban bestea. Ordutik, 800.000 positibo inguru erregistratu dira, eta 8.490 pertsona hil dira guztira.
Euskadin aurkitutako lehen bi positiboak 2020ko otsailaren 28an detektatu zituzten, biek Italiara eta Andaluziara bidaia egin ondoren, garai hartan Nekane Murga Osasun sailburuak zuzendutako Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak jakinarazi zuenez.
Kasu positiboetako bat, Gipuzkoan atzemandakoa, Milanera (Italia) bidaiatu zuen emakume batena izan zen, eta bigarrena, Araban hautemandakoa, Txagorritxu Ospitaleko osasun langile batena.
Gainera, 24 ordu geroago, hirugarren koronabirus positibo bat baieztatuko zuten, ospitale bereko osasun langile batena, lehenengoaren "kontaktua" izan omen zena.
Garai hartan, Eusko Jaurlaritzak "arrisku eremutzat" jotzen zituen Txina, Hego Korea, Japonia, Singapur, Iran eta Italia.
2020ko urtarrilaren 28an lehen bi positibo kasuak identifikatu zirenetik gaur arte, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak 800.000 positibo inguru zenbatu ditu EAEn, horien erdiak Bizkaian.
Bestalde, 6,6 milioi test egin dira Euskadin 8.490 hildako erregistratu dituen gaixotasuna detektatzeko: EAEn, covid-19a atzemateko probetan positibo eman duten 4.141 emakume eta 4.349 gizon hil dira.