Gizartea -

ESPETXEAK

22 urteko preso bat hilda agertu da Arabako Espetxean

2020ko irailetik zegoen preso. Ez zuen aktibatuta suizidioak prebenitzeko protokoloa, horretarako "zantzurik ez" zutelako atzeman, Jaurlaritzaren arabera.

Arabako Espetxea, artxiboko irudi batean
Arabako Espetxea, artxiboko irudi batean
Arabako Espetxea, artxiboko irudi batean

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

22 urteko preso bat bere ziegan hilda aurkitu dute gaur goizean Arabako Espetxean. 2020ko irailetik zegoen preso, eta zigor luze bat betetzen ari zen, delitu larri batengatik. Ez zuen aktibatuta suizidioak prebenitzeko protokoloa, horretarako "zantzurik ez" zutelako atzeman. Bingen Zupiria Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak eman ditu datuok, astero legez Gobernu Bileraren ondoren egindako agerraldian.

Bertan zehaztu duenez, espetxeko funtzionarioek aurkitu dute gorpua, 08:00etan, "gelak ireki eta espetxeratuen egoera egiaztatzeko orduan". Zupiriaren esanetan, berehala eman diote abisua kartzelako zerbitzu medikuari, baina ordurako hilda zegoen.

Gasteizko Zaintzako Epaitegiaren esku utzi dute kasua, gorpua altxatu eta dagozkion prozedurak abiarazteko. Halaber, Jaurlaritzaren bozeramaileak erantsi du Justizia Sailak informazio espedientea zabaldu duela gertatutako argitzeko. Espetxeko zuzendaritzak, bestalde, esan du "informazio guztia" helaraziko diola hildakoaren familiari. 

Azkenik, heriotzagatik samina adierazi zu Zupiriak Gasteizko Gobernuaren izenean, eta doluminak helarazi dizkie presoaren gertukoei.

 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Araba Eusko Jaurlaritza Presoak bideoak Gizartea bideoak Gaurko titularrak Albisteak Espetxeen albisteak gaur