Gizartea -

MARTXOAK 8

Zaintza eskubide unibertsalaren aldeko greba bat deituko duela iragarri du Euskal Herriko Mugimendu Feministak

Prozesua abiatuko dute, greba orokor baterako deialdi bateratu bat artikulatzeko, "herri mugimendu eta sindikatuekin". "Zaintzarako eskubide unibertsala exijitzen dugu, eta zaintza horiek negozio izateari uztea. Horregatik, greba feminista orokor baterantz goaz", esan dute.

Zaintza eskubide unibertsalaren aldeko greba bat deituko duela iragarri du Euskal Herriko Mugimendu Feministak

0:27

IDOIA ALBERDI ETXANIZ | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Zaintzarako eskubide unibertsala exijitu du Euskal Herriko Mugimendu Feministak, eta aldarrikapen hori ardatz izango duen greba feminista orokor baterako prozesua abiatu duela iragarri du, "Denon Bizitzak Erdigunean" goiburupean. Herri mugimenduekin, gizarte eragileekin eta sindikatuekin "aliantzak" bilatuko dituzte, deialdi bateratua egiteko, "promesa hutsak" atzean utzita. "Zaintzarako eskubide unibertsala exijitzen dugu, eta zaintza horiek negozio izateari uztea. Horregatik, greba feminista orokor baterantz goaz, eta gaur, martxoaren 8a, lehen urratsa da", azaldu dute.

Bilbon egin du agerraldia Euskal Herriko Mugimendu Feministak. Garazi Aldamak euskaraz eta Melissa Andradek gaztelaniaz irakurri duten agirian, egungo egoeraren eta aurrera begirako estrategiaren berri eman dute. Bertan esan dutenez, zaintzarako eskubidea "modu kolektiboan" defendatzen dute, "ez indibidualizatuan". "Hau da, pertsona guztiek bizitza osoan zehar zaintzak baldintza duinetan eta konpromisotik emateko eta jasotzeko duten eskubidearen alde. Hori mendekotasun egoeretatik harago doa, eta erabakitzeko gaitasuna eskatzen du: zenbat, nola eta nor zaindu nahi dugun; zenbat, nola eta nork zaindu behar gaituen, zaintzeari ezetz esateko eskubidea ere barnebilduz", adierazi du Aldamak.

Halaber, "kolapso egoera batean" gaudela salatu dute, "patronalaren eta interes ekonomikoen menpe", eta erakunde publikoak egoera horren konplize jo dituzte. "Egitura heteropatriarkal eta kolonialetan oinarritzen den" sistema bat eratzea egotzi diete patronalari zein erakunde publikoei, "zaintza-beharrizanak merkantilizatzeko, pribatizatzeko eta horiekin espekulatzeko". Horretarako, irabaziak eta kapitala "estrategia deliberatu" baten bidez lehenesten ari dira enpresak eta erakundeak, Mugimendu Feministaren arabera.

Gaineratu dutenez, egun, Euskal Herrian zaintza lanak "indarkerian eta desberdintasunean" ardaztuta daude, eta "arraza, atzerritartasun egoera, adina, sarea eta estatus soziala gurutzatu eta berrelikatu" egiten dira. "Mundu bidegabe eta desberdin honetan, zaintza sexuatuak, arrazializatuak eta estratifikatuak" daudela erantsi dute.

Hala, Euskal Herriko etxeetan emakumeek "barne enpleguaren erregimenarekin eta horiek babesten dituzten politika publikoekin" pairatzen duten "indarkeria matxista, arrazista, sexuala eta koloniala" gaitzetsi dute.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Bilbo gaur Donostia albisteak Indarkeria matxista gaur Baiona Gizartea Eguneko albisteak Gasteiz berriak Albisteak Matxismoa Feminismoa Martxoak 8