Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
EAEko Auzitegi Nagusiak 12 urteko zigorra berretsi dio neska lagun ohiari sexu erasoa egin zion gizonari
Akusatuak aurkeztutako helegitea atzera bota du EAEko Auzitegi Nagusiak. Halaber, ez du onartu "Bai bakarrik da bai" legea aplikatuz zigorra murriztea.
AGENTZIAK | EITB MEDIA
EAEko Auzitegi Nagusiak berretsi egin du neska lagun ohiari sexu erasoa egiteagatik Gipuzkoako Auzitegiak gizon bati ezarritako 12 urteko kartzela zigorra. Halaber, kostaldeko herri bateko etxebizitza batean bi egunez atxiki zuen eta tratu txarrak eman zizkion.
EFE albiste agentziak eskuratu ahal izan duen epaiaren arabera, EAEko Auzitegi Nagusiak atzera bota du Gipuzkoako Lurralde Auzitegiak emandako epaiaren aurka jarritako helegitea.
Auzitegi Nagusiaren iritzian, Gipuzkoako Auzitegiak "nahikoa kargu froga" izan zituen biktimaren deklarazioan oinarrituta. Testuan azaltzen duenez, neskaren testigantza "subjektiboki sinesgarria" izan zen, "inkriminazioan" iraunkorra, eta kanpoko berrespenekin "objektiboki" osatu zen.
Bestalde, EAEko Auzitegi Nagusiak ez du onartu "Bai bakarrik da bai" legea aplikatuz zigorra murriztea, uste baitu aurreko legedia mesedegarriagoa dela kondenatuarentzat.
Sexu erasoa 2020ko abuztuaren 13an gertatu zen auzipetuaren etxebizitzan, epaiaren arabera. Erasoa jasan ondoren, emakumea laguntza eskatzen ahalegindu zen, baina gizonak galarazi egin zion, ahoa eskuarekin estalita. Horrez gain, hil eta bere buruaz beste egingo zuela esanez mehatxatu zuen.
Biktimak abuztuaren 15ean lortu zuen etxetik irtetea, bi egunez atxikita egon ostean. Tarte horretan, kolpeak eta mehatxuak jasan zituen eta tarte batean soka batekin lotuta egon zen.