Gizartea -
migrazioa
Itsas Salbamendu Humanitarioak salatu du Greziak Kiosko errefuxiatuen kanpalekutik irtetera behartu duela
Edurne Ollaquindia eta Isa Eguiguren otsailean sartu ziren azkenekoz kanpalekuan. Prentsaurrekoan, eremu horretan dauden pertsonen egoera latza kontatu dute, eta Europari eskatu diote bide legal eta seguruak sor ditzala errefuxiatuen eskubideak bermatzeko.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Itsas Salbamendu Humanitarioa gobernuz kanpoko erakundeak (GKE) asteazken honetan salatu duenez, Greziak bertan behera utzi du GKEaren jarduera Kios uharteko errefuxiatuen kanpamentuan. Urteak zeramatzaten bertan osasun-arreta ematen. Bete ezinezkoak ziren izapide administratiboak ezarrita, klinika itxiarazi diete, eta une honetan Kiosen errefuxiatuak artatzeko elkarterik ez dela geratzen jakinarazi dute.
Viki Clarademunt proiektuaren koordinatzailearen hitzetan, abenduan jakinarazi zieten kanpalekua utzi behar zutela, baina erabakia apirilera arte atzeratzea lortu zuten. Hala ere, otsailean migrazio ministroak eremua lehenbailehen uzteko agindu zien. "Mehatxua aspalditik zetorren, baina ez genuen uste klinika desmuntatzeko bi egun eskas emango zigutenik", nabarmendu du.
Clarademuntek gogorarazi du Itsas Salbamendu Humanitarioak 2015ean hasi zuela proiektua uharteko kostaldeko erreskate talde gisa, eta Aylan umearen irudi latza ekarri du gogora. Hala, horren arabera, "garai hartan 3-4 ontzi iristen ziren egunero bertara, horietako asko Siriatik, Iraketik edo Afganistandik ihesi".
Edurne Ollaquindia eta Isa Eguiguren otsailean sartu ziren boluntario gisa azkenekoz kanpalekuan, eta bertako errefuxiatuek bizi duten egoera latza salatu dute biek. Horien aburuz, "Europak ez du lekukorik nahi", eta martxan jarri dituen politikek "pertsona errugabeen heriotza gehiago baino ez dituzte ekarriko"; izan ere, "oztopoak oztopo", gizon, emakume eta haur horiek Europara iristen ahaleginduko direla iragarri du.
Prentsaurrekoan, Ollaquindia erizainak GKEaren egungo egoera kritikatu du. "Amaitu berri dugu Aita Mariren bederatzigarren misioa, kriminalizatzen gaituzten eta erreskate-eremutik kanpo mantentzea besterik bilatzen ez duten Italiako immigrazioaren aurkako lege berriekin", gogorarazi du.
Ildo horretan, "nazioko eta nazioarteko legeak, itsas legeak eta giza eskubideen deklarazio unibertsala errespetatzeko" eskatu die Itsas Salbamendu Humanitarioak Europako gobernuei; besteak beste, migratzeko eskubidea, gobernuak itsasoan erreskatatzeko betebeharra, asilorako eskubidea eta Europaren bihotzean gertatzen ari den odoluste hori geldiarazteko bide legal eta seguruak sortzeko.