Gizartea -
Elkarrizketa Radio Euskadin
Fernandez: "Asteartean onartuko dituzte emantzipaziorako laguntzak, eta urtebetean egongo dira eskuragai"
Prestazioa jaso ahal izango duten 15.000-20.000 gazte daude Euskal Autonomia Erkidegoan, Trantsizio Soziala eta 2030 Agenda Saileko idazkari nagusiaren esanetan.
LUZIA ZUGADI LASA | EITB MEDIA
Trantsizio Soziala eta 2030 Agenda Saileko idazkari nagusi Jonan Fernandez elkarrizketatu dute gaur, ostegunarekin, Radio Euskadiko "Boulevard" saioan. Bertan aurreratu du, aurreikusitakoaren arabera, martxoaren 21ean onartuko dituztela gazteei zuzendutako emantzipaziorako laguntzak. "Behin onartuta, laguntza horien ezaugarriak arautzen dituen dekretua lantzen hasiko dira, eta, luze jota, urtebetean egongo da indarrean", adierazi du.
Prestazioa jaso ahal izango duten 15.000-20.000 gazte daude Euskal Autonomia Erkidegoan, Fernandezen hitzetan. "Ez dago soilik etxebizitza alorrera zuzenduta, alegia, emantzipazio prozesurako prestazio bat da. Hori bai, laguntza eskatzen duen gazte orok zenbait baldintza jakin bete beharko ditu, eta familia unitatetik kanpo bizi dela frogatu beharko du", zehaztu du.
Seme-alaben zaintzara zuzendutako laguntzei dagokienez, 15 eguneko epean 32.000 eskaera jaso dituztela esan du 2030 Agenda Saileko idazkariak. "Erantzun oso ona izan du neurriak, eta eskaerak egiteko sistemak ere oso ondo funtzionatu du. Asmoa da lehen ordainketak apirilean egitea", erantsi du.
Era berean, laguntza horri buruz esan du "unibertsala" dela, hau da, errentak ez duela laguntza jasotzeko aukera baldintzatzen. "Batetik, sektore zaurgarriei zuzendutako laguntzak daude; bestetik, politika unibertsalekin lotutakoak. Bigarren horiek helburu zehatz bat dute, kasu honetan, adibidez, jaiotze tasa ugaltzea", argitu du.
Hala eta guztiz ere, aitortu du, "diagnostikoa argia" den arren, irtenbidea ez dela "magikoa". "Horrekin esan nahi dut aldaketa ez dela egun batetik bestera iritsiko. Epe ertainera egindako inbertsioak dira", bukatu du.
Seme-alabak dituzten familientzako dirulaguntzak
Esan bezala, seme-alaben zaintzara bideratutako laguntzak indarrean daudenetik, 30.000 eskaera jaso ditu Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiken Sailak. Internet bidez, 30.452 eskaera iritsi zaizkie: 14.692 Bizkaitik, 10.721 Gipuzkoatik eta 5.039 Arabatik.
Gehienak 3 urtetik beherako umeen zaintzarako laguntza eskaerak dira: guztira 27.388. Hirugarren seme-alabengatik eskatutakoak, berriz, 3.012 dira, eta desgaitasunen bat edo mendekotasuna duten umeentzako galdegindakoak 52.
Bestalde, beste bide batzuetatik —udaletatik eta Correos bidez— 1.800 eskaera jaso dituzte.