Gizartea -
Garraio greba Alemanian
Alemania geldiarazi du azken urteotako garraio grebarik handienak
Hegazkin, tren eta autobus zerbitzuei eragiten dien 24 orduko lanuztea da, eta Bilboko aireportuan, esaterako, 16 hegaldi bertan behera geratu dira.
EITB Media
Alemanian, herrialdea geldiarazi du azken urteotako garraio grebarik handienak. Hegazkin, tren eta autobus zerbitzuei eragiten dien 24 orduko lanuztea da, eta Bilboko aireportuan, esaterako, 16 hegaldi bertan behera geratu dira.
Sindikatuek inflazioaren araberako soldata igoera eskatzen dute, % 10eko igoera, hain zuzen ere, eta gaur hasi dute patronalarekin hirugarren negoziazio erronda.
350.000 langile ari dira jarraitzen gaurko greba Alemanian. Sindikatuen hitzetan, lortu dute helburu nagusia, alegia, herrialdea geldiaraztea; izan ere, milioika herritarri eragin diete geldialdiek.
Berlingo tren geltokia hutsik egon da goiz osoan zehar. Aire trafikoari dagokionez, berriz, Berlingoa ez ezik, Alemaniako aireportu guztiak daude geldi. 380.000 bidaiaritik gora aireratu gabe geratu dira.
Azken hamarkadetan lehen aldiz, Alemaniako bi sindikatu nagusiek deitu dute greba, sektore publikoko langileenak eta trenbideetakoak, eta % 10,5eko eta % 12ko soldata igoera eskatzen dute, hurrenez hurren; hilean 500 edo 600 euroko igoera.
Herritarrek babestu egiten dituzte sindikatuen aldarrikapenok, garraio sektorean langileak falta baitira, eta lan baldintzak hobetuz gero, arazoa konponduko dela iritzi diote sindikatuek. Horregatik, indartsu sentitzen dira bihartik aurrera negoziazioen mahaira itzultzeko. Patronalak, berriz, neurriz kanpokotzat jo du protesta eguna.
Elkarrizketen hirugarren txanda hasi bezperan, Nancy Faeser Alemaniako Barne ministroak, bestalde, erantzukizuna eskatu die patronalari eta sindikatuei "irtenbideak" lortze aldera. "Gogor negoziatzen jarraituko dugu, baina baita modu zuzen eta eraikitzailean ere. Patronalak eta sindikatuek erantzukizun handia dute garai zail hauetan. Erantzukizun horren barruan sartzen da negoziazio-mahaian irtenbideak lortzea", adierazi du.