Gizartea -

2023-2024rako matrikulazioa

Ikastolek uko egin diote irizpide berriekin matrikulatu ezinda geratutako umeak beste zentroetara bidaltzeari

Segregazioari aurre egiteko irizpide berrien ondorioz, ikastola batzuetan izena eman ezinda geratu dira guraso batzuk. Ikastolen Elkarteak bi orduz aztertu zuen gaia atzo eta erabaki aurrematrikula guztiei eutsiko diela. Horren iritzian, Sailak "joko arau ezberdinak" ezarri dizkie zentroei.

Hainbat haur, ikastetxe atarian. Artxiboko argazkia: EFE
Hainbat haur, ikastetxe atarian.
Hainbat haur, ikastetxe atarian. Artxiboko argazkia: EFE

Eider Garaikoetxea O. | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikastolen Elkarteak iragarri duenez, uko egingo dio segregazioari aurre egiteko irizpide berrien ondorioz bere zentroetan matrikulatu ezinda geratu diren umeak beste ikastetxe batzuetara bidaltzeari, eta aurrematrikula guztiei eutsiko die, horrenbestez. Hezkuntza Sailari zentro guztiei "matrikulazio baldintza berberak" ezartzea eskatu dio, eta iragarri du errekurtsoak jarriko dituela arazoak sortu diren kasu guztietan. 

Hezkuntza Sailak segregazioari aurre egiteko neurriak txertatu ditu 2023-2024 ikasturterako matrikulazioan, eta aurrematrikulazioa kontuan hartuta, irizpide berri horiekin osatu ditu datorren ikasturterako behin-behineko zerrendak —hilaren 28an argitaratu zituen—. Bi urteko ikasgeletan arazoa sortu da itunpeko sareko hainbat zentrotan (ikastoletan zein Kristau Eskolako ikastetxeetan) eta Eskola Publikoaren sarean, familia batzuk ez dituztelako onartu aukeratutako zentroan. Egoerak haserrea eta ezinegona eragin du gurasoen artean. Arrasaten (Gipuzkoa), esaterako, elkarretaratzea deitu dute gaur iluntzerako Arizmendi ikastolako gurasoek. 

Ikastolen Elkarteko zuzendaritzak bi orduko batzordean aztertu zuen atzo gaia. Gaur eman ditu jakitera, ohar bidez, bileran adostutakoak. 

Elkartearen iritziz, Hezkuntza Saila "ez da betetzen ari hurrengo ikasturterako ikasleen onarpenerako aginduan ezarritako oinarrizko irizpideak", eta zentro bakoitzari "joko arau ezberdinak" ezarri dizkio. Gainera, zaurgarritasun indizea —familien egoera sozioekonomikoa aztertuta, gune bakoitzari ezarritako erreferentzia maila; horren arabera zehazten da ikastetxe bakoitzak jaso beharreko ikasle zaurgarri kopurua— finkatzeko prozesuan "gardentasun falta" dagoela salatu du. Dioenez, ez dituzte ezagutzen Sailak tasa hori ezartzeko erabilitako irizpideak, ezta beste ikastetxeen tasak ere. Halaber, kritikatu dute "familien fluxua" ez dela "modu orekatuan" egin; hau da, Hezkuntza Sailak ez dituela ikastoletan bete gabe geratu diren plazak beste ikastetxeetako tokiekin bete. 

Gipuzkoako ikastola batzuetan sortu dira Elkarteak salatutako egoera horiek. Arrasaten, Zarautzen eta Oñatin haurrak 2 urteko ikasgeletan matrikulatu ezinda geratu dira gurasoak.

Ikastolen Elkarteko sarean ez ezik, sare publikoan ere arazoak sortu direla jakinarazi du EHIGE guraso elkarteak. Antza, ikastetxe publikoan izena eman duten familia batzuk itunpeko zentroetara bideratu ditu Hezkuntza Sailak. Lurdes Imaz EHIGEko koordinatzaileak erreklamazioak aurkezteko deia egin die gurasoei eta "gardentasun falta" salatu du. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Eusko Jaurlaritza EAE albisteak Euskal eskola publikoaren azken ordukoa Gizartea albisteak Gaurko titularrak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Umeak albisteak gaur