Gizartea -
Eguraldia
Apirila hasteko, zaparradak eta fresko
Larunbatean, zerua hodeitsu agertuko da eta Kantauri isurialdean euria egingo du, batez ere ekialdean; hegoaldean, hodeitza zulatuago egongo da eta euria urria izango da. Igandean, Kantauri isurialdean euria ugariagoa izango da eta zaparradak sarri botako ditu.
EITB Media
Asteburuan zaparradak eta giro freskoa nagusituko dira. Beraz, apirila hasteko eguraldi aldaketa dator, lehorretik hezera.
Larunbatean, tenperaturak beheranzko bideari eutsiko dio eta giroa freskoagoa izango da. Zerua hodeitsu agertuko da eta Kantauri isurialdean euria egingo du, batez ere ekialdean; hegoaldean, hodeitza zulatuago egongo da eta euria urria izango da.
Euskalmetek jakitera eman duenez, elur-kota 1.200 metrotik gora kokatuko da. Ipar-mendebaldeko haizea bizi-bizi ibiliko da kostaldean eta Ebro ibarrean eta maximoak, orokorrean, 15 graduren bueltan edo hortik behera geldituko dira.
Igandean, tenperatura koska bat beherago eta giro bustiak jarraipena izango du. Kantauri isurialdean euria ugariagoa izango da eta zaparradak sarri botako ditu; hegoaldean modu ahulagoan eta tartekatuagoan egingo du euria.
Ipar-mendebaldeko haizea indartsu ibiliko da, batez ere kostaldean eta Ebro ibarrean, eta hotz sentsazioa areagotu egingo du. Elur-kota 1.200 metroren bueltan koka liteke.