Gizartea -
MANIFESTAZIOA
3.500 lagun baino gehiago bildu dira Baionan, etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren aurka
Logement Etxebizitza herri mugimenduak deituta eta hainbat sindikatu eta eragile sozialek babestuta, etxebizitza eskubidea aldarrikatu dute milaka lagunek, "Herrian bizi" zioen pankarta baten atzean.
E.J.O. | EITB MEDIA
3.500 pertsona inguru elkartu dira 15:00ak aldera gaur Baionan, etxebizitza eskubidearen alde eta espekulazioaren kontra deitutako manifestazioan. Euripean egin dute manifestazioa eta geldialdia egin dute amaieran, suprefekturaren aurrean. Alokairua arautzea eta etxebizitza sozialak sustatzeko neurriak hartzeko eskatu dute.
Etxebizitza eskubidearen gaia pil-pilean dago Ipar Euskal Herrian azken urteotan, gero eta zailagoa eta garestiagoa baita etxebizitza bat lortzea, Lapurdiko kostaldean, batez ere. 8.000 lagun bildu ziren 2021ean egindako lehen protesta erraldoian eta geroztik, hamaika ekimen izan dira arazo honen aurrean irtenbideren bat bilatzeko, etxebizitza turistikon prezioa mugatzea, esate baterako.
Gaurko protestaren deitzaileek salatu dutenez, "bost etxebizitzetatik bat bigarren etxebizitza" da eta horrek espekulazioa eta prezioen gorakada ekarri ditu. Maialen Errotabere eta Txomin Heguyk irakurri duten idatzian, "bigarren etxebizitzak, alokailu sozialeko etxebizitzak baino bi aldiz gehiago" direla ere nabarmendu dute.
Gauzak horrela, "Herrian bizi" leloarekin egin dute gaurko protesta, herritarrek bertan bizitzeko duten eskubidea aldarrikatu dute.
"Bigarren etxebizitzen biderkatzea dela eta, Ipar Euskal Herrian etxebizitza bat erosi nahi duten pertsonei dei bat luzatzen diegu: 2024eko urtarrilaren 1etik goiti, ez dugu gehiago onartuko lehen etxebizitzarako izan behar duen etxebizitza baten erostea bigarren etxebizitza bat bilakarazteko. Euskal Herrian bizi nahi dutenen kontrako eraso bezala kontsideratuko dugu", ohartarazi dute eta manifestu bat sinatzeko eskatu diete herritarrei.