Gizartea -

Kazetariak gerran

20 urte dira Jose Couso kameraria Iraken hil zutela

AEBetako tanke batek nazioarteko kazetariak zeuden Palestina hotelaren aurka eraso egin zuen. Pentagonoak "etsaien erasoen aurkako" ekintza izan zela adierazi zuen. Espainiako Justizia saiatu zen hiru militar estatubatuar auziperatzen, baina kasua artxibatu egin zuten.

Jose Couso Iraken lanean. EITBk emandako bideo batetik ateratako irudia.
Jose Couso Iraken lanean. EITBk emandako bideo batetik ateratako irudia.
20 urte dira Jose Couso kameraria Bagdaden hil zutela

0:43

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Larunbat honetan, 2023ko apirilaren 8an, bete dira 20 urte Jose Couso kamerari galiziarra Bagdaden hil zutela. Irakeko inbasioaren berri ematera joan zen lankideekin batera eta irudi batzuk grabatzen ari zen AEBetako tanke batek bera zegoen hotelaren aurka tiro egin zuenean.

Estatu Batuetako armadak inbasioa hasi baino hainbat egun lehenago iritsi zen Couso Bagdadera une hartan lan egiten zuen Tele5 kateko lantalde batekin batera. Hainbat egunetan lanean aritu ondoren, ia lantalde osoa Madrilera itzuli zen eta bi lagun soilik gelditu ziren Bagdaden: Jon Sistiaga kazetaria eta Jose Couso kameraria.

2023ko apirilaren 8 hartan, AEBetako militarrek egindako txosten batek esaten duenaren arabera, Palestina hotelaren ingurutik jaurtitako mortero eta granaden bidezko erasoak jasaten ari zen Estatu Batuetako armada. Txosten berak gaineratzen du erasoen jatorria bilatu eta identifikatu zutela, eta tanke batek tiro egin zuela haren aurka.

Alabaina, jaurtigaiak Palestina hotelaren 15. solairua jo zuen bete betean. Reuters agentziako lantaldea zegoen han eta Taras Protsyuk kazetari ukraniarra bertan hil zen. Jose Couso solairu bat beherago zegoen, leihotik gertu, irudi batzuk grabatzen. Erasoak larri zauritu zuen, Bagdadeko San Rafael erietxera eraman zuten baina ebakuntza bat egiten ari zitzaizkion bitartean hil zen.

Herrialde guztietako kazetariek gaitzetsi zituzten erasoa eta hilketak. Espainian, gainera, hainbat manifestazio eta elkarretaratze egin ziren AEBetako egoitza diplomatikoen aurrean. Pentagonoak erasoa onartu zuen, baina "etsaiek aurrez egindako eraso bati emandako erantzuna" izan zela esan zuen eta hilketak "gerrako istriputzat" jo zituen.

Gertaera jazo zenean Irakeko hiriburuan zeuden kazetariek euren haserrea agertu izan dute sarritan ordudanik. AEBetako administrazioak gertaeraren gaineko bertsioa komeni izan zaion moduan aldatu duela salatu izan dute. Haien iritziz, amerikarrek ongi zekiten Palestina hotela nazioarteko kazetarien gunea zela eta tankearen erasoaren aurretik ez zela hotelaren inguruetan inolako tiro-hotsik entzun azpimarratzen dute.

Auzitegietako prozesuak

Gertaeraren hurrengo urteetan, bertan nahastutakoen ardurak argitzeko prozesuak hasi ziren auzitegietan. 2005en lehen diligentziak zabaldu zituen Auzitegi Nazionalak, baina hainbat hilabeteren ondoren artxibatu egin zituzten. Familiak errekurtsoak jarri zituen. Auzitegi Nazionaleko Fiskaltzak beti defendatu izan du Espainiako Justiziak ez daukala "eskumenik auzi honetan atzerrian gertatutako gerra-ekintza" bat izan zelako.  

Hala ere, Santiago Pedraz epaileak hilabeteak eman zituen auzi hau ikertzen. Bagdadera ere joan zen Cousoren lankidea zen eta gertaera bertatik bertara bizi izan zuen Jon Sistiaga kazetariarekin batera. Epailea saiatu zen kamerariaren hilketaren arduradun gisa AEBetako hiru militar auzipetzen, baina PPren Gobernuak sustatutako Justizia Unibertsalaren legearen ondorioz, salaketa artxibatu egin zuten.

Familiaren aburuz, kameraren hilketa "gerra-krimena" da eta ez luke preskribatu behar. Hain zuzen ere, Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira eraman zuten kasua. Honek tramitera onartu zuen eta zer ebatziko duen zain daude orain.

Administrazioarekiko auzi-prozesua ere zabaldu zuten eta bide horrek aurrera egin zuen. Hala, 2011. urtean, Espainiako Estatua kamerariaren familiari kalte-ordaina ordaintzera behartu zuten epaitegiek. Jose Cousoren senideei "babes diplomatikoa ez emateagatik" zigortu zuen. Auzitegien aburuz, "egoerak eskatzen zuen Estatuak ekintza-diplomatiko guztiak martxan jarri zitzala, kaltetuei erantzun egoki bat emateko. Baina horren ordez, AEBetako administrazioak emandako azalpenak ontzat eman zituen eta erasoa justifikatuta zegoela eta Couso jaunaren heriotza istripu penagarri bat izan zela onartu zuen".

Jose Couso esperientzia handiko kameraria zen. Informazio Zientziak eta Irudien Zientziak ikasi zituen Madrilgo Konplutense Unibertsitatean, eta hainbat enpresentzat lanean aritutakoa zen, tartean, EFE agentzia, Canal + eta Tele5. Hainbat gerratan egona zen fronteko informazioa lantzen eta era guztietako erreportajeak egin zituen. Ezkonduta zegoen eta bi seme-alabaren aita zen.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ameriketako Estatu Batuak Gizartea albisteak Eguneko albisteak Albisteak Kazetaritza azken ordukoa Erailketak Irak gaur Zer gertatzen ari da Ekialde Hurbilean?