Gizartea -
Teknologia berrien eragina
Euskal herritarren erdiek baino gehiagok uste dute teknologia berriek euren lanak egin ditzaketela
Lehendakaritzak argitaratu duen txostenean, teknologia digitalek eguneroko bizitzan duten eragina aztertu dute. Bertan, besteak beste, teknologia berriekiko interes maila eta horiek erabiltzeko trebetasuna neurtu dute.
EITB Media
Etorkizunera begira, lan mundua eta etxeko lanak erabat aldatu ditzakete. Galdetutakoen % 80k uste dute robotak beharrezkoak direla pertsonentzat oso gogorrak diren lanak egiteko. Lehendakaritzak teknologia digitalek eguneroko bizitzan duten eragina aztertzeko egin duen txostenaren arabera, % 54k uste dute orain egiten duten lana 15 urteren buruan robot batek, teknologiaren batek edo aplikazio informatiko batek egin ahal izango duela. Etxeko lanei dagokienez, % 76 dira iritzi berekoak.
Robotek eta adimen artifizialak lanpostu berriak sortuko dituzten arren, herritarren % 66 "oso ados" edo "gehienbat ados" dago sortuko diren lanpostu horiek galduko direnak baino gutxiago izango direla uste dutenekin.
Roboten erabilera zabala bada ere, erabilera horien onarpena ez da erabatekoa. Galdetutakoen % 53k onartuko lukete etorkizunean ebakuntza bat robot batek egitea, % 43k onartuko lukete gidaririk gabeko ibilgailu autonomo batean bidaiatzea, eta % 36k onartuko lukete gaixo egonez gero edo zahartzaroan robot batek zaintzea. Hala ere, gizonezkoen onarpen maila emakumezkoena baino handiagoa da.
Alde positiboago batetik begiratuta, aurrerapen zientifikoak eta garapen teknologikoa gai interesgarria da, eta galdetutakoen % 80k "interes handia edo nahiko handia" dutela adierazi dute. Gainera, adimen artifizialarekiko eta gauzen Internetekiko "interes handia edo nahiko handia" dute % 51k.
Trebetasunari dagokionez, herritarren erdiek uste dute trebeak direla eguneroko bizitzan teknologia berriak erabiltzerakoan. Azken datu horrek lotura zuzena dauka adinarekin; zenbat eta gazteago, orduan eta trebeago. Lan munduari dagokionez, herritarren % 75ek uste dute "oso trebeak edo nahiko trebeak" euren eguneroko lanetan teknologia berriak aplikatzerakoan.