Gizartea -
Sutea Madrilen
Madrilgo jatetxean zauritutako 40 urteko emakume bizkaitarrak larri jarraitzen du La Paz ospitalean
EITBk jakin duenez, Barakaldoko Megapark enpresako marketin-arduraduna da. Erredurak ditu gorputzaren % 25ean, aurpegian, enborrean eta besoetan, eta intubatuta dago, kea arnastu baitzuen.
EITB Media
ETBk jakin duenez, 40 urteko bizkaitarra Alexandrarekin batera zegoen Madrilgo sutea gertatu zenean.
Madrilgo La Paz erietxeko Erreduren Unitatean dago, egoera larrian. Gorputzaren % 25ean ditu erredurak, aurpegi, enbor eta besoetan, eta intubatuta dago, kea arnastu baitzuen.
Dirudienez, Bizkaiko hainbat lagun joan ziren asteburu-pasa Madrilera. Barikuko afaria zen lehen geldialdia, eta han suteak harrapatu zituen. Gainerakoek jatetxetik irtetea lortu bazuten ere, Alexandra eta bere laguna atzean geratu ziren.
Ospitaleratuta jarraitzen duten sutean zauritutako zortzi lagunetatik beste bat (bizkaitarraz gain) larri dago, beste bi gela arruntera eramango dituzte eta gainerako laurak hobera egiten ari dira, Madrilgo Erkidegoko Osasun Kontseilaritzak emandako datuen arabera.
Zaurituetako hiru Erreduren Unitateetan daude, beste lau Zainketa Intentsiboetako Unitateetan eta zortzigarrena Zainketa Ertaineko Unitateetan.
Zehazki, Getafeko ospitalean kea arnasteagatik ospitaleratutako 25 urteko emakumea, gorputz-azaleraren % 8 beheko gorputz-adarretan erreta duena, egonkor dago, larritasunaren barruan, eta Erredura Handien Unitatean ingresatuta dago, baina atzo arnasa hartzeko hodia kendu zioten.
Bestalde, Gregorio Marañon erietxean 29 urteko gizonezko bat dago ospitaleratuta Zainketa Intentsiboetako Unitatean (ZIU), baina bilakaera oso ona izan du.
26 eta 21 urteko beste bi gizonezko San Carlos ospitale klinikoan daude, Zainketa Intentsiboetako Unitatean, kea arnastu baitzuten. Hobera egin dute biek, eta horietako bat ZIUtik laster ateratzea aurreikusi dute.
La Paz ospitalean bi emakume daude Erreduren Unitatean; horietako bat Maria Montes da, eta besteak 25 urte ditu. Biek erredurak dituzte gorputzaren azaleraren % 25ean, gutxi gorabehera; aurpegian, goiko gorputz-adarretan eta enborrean. Oraindik intubatuta daude eta larri jarraitzen dute.
Beste bi emakume, 25 urteko bat eta 52 urteko beste bat, La Princesa ospitalean daude. Gazteena Bitarteko Zainketen Unitatean dago, baina bilakaera positiboa izan du, eta ospitalizazio-solairura eramatea aurreikusten da. Bestalde, ospitale horretan ingresatutako 52 urteko emakumea Zainketa Intentsiboetako Unitatean dago, intubatuta eta egonkor.