Gizartea -

Bizkaia

Atzera bota dute Erandion behin-behinean lanean ari zen udaltzain baten euskara eskakizunaren derrigortasuna

Udaltzainak helegitea jarri zion Udalari B2 mailaren derrigortasuna atzera botatzeko helburuarekin. Eskatutakoa lortu ez zuenez, auzitara jotzea erabaki zuen, eta justiziak arrazoia eman dio, 'Berria' egunkariak aurreratu duenez.

Erandioko udaletxea. Argazkia: Wikimedia Commons
Erandioko udaletxea. Argazkia: Wikimedia Commons
Erandioko udaletxea. Argazkia: Wikimedia Commons

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bilboko Administraziorekiko Auzien 1 zenbakiko Epaitegiak atzera bota du Erandioko Udalarentzat behin-behinean lanean ari zen udaltzain baten euskara eskakizunaren derrigortasuna, Berria egunkariak gaur, asteartearekin, aurreratu duenez.

Barakaldon duela lauzpabost hilabete gertatutakoa ekarri du gogora afera horrek. Orduan, EAEko Justizia Auzitegi Nagusiak ebatzi zuen tokiko administrazioek ezin dizkietela udal erakundeetarako zerbitzuak ematen dituzten azpikontratetako langileei funtzionarioen euskara eskakizunak ezarri.

Aipatu iturriak erantsi du Erandioko udaltzain horrek helegitea jarri zuela Udalaren kontra, B2 mailaren derrigortasuna atzera botatzeko asmoz. Eskatutakoa lortu ez zuenez, auzitara jotzea erabaki zuen, eta justiziak arrazoia eman dio, Uliazpi Fundazioan jarduteko hizkuntza eskakizunen harira martxoan Justizia Auzitegi Nagusiak emandako epaian oinarrituta. Kasu hartan, B2 profila eskatu zuten 32 lanpostutan. Auzitegiak ebatzi zuenez, baina, eskaria neurrigabea zen eta oinarrizko eskubideak urratzen zituen.

Litekeena da Uliazpi Fundazioaren aurkako ebazpenak jurisprudentzia ezarri izana, epai hartan emandako arrazoibideez baliatu baita Bilboko Epaitegia Erandioko udaltzainaren auzian ere.

Gobernu Kontseiluaren osteko agerraldian, Eusko Jaurlaritzako bozeramaile Bingen Zupiriak ez du epaiari buruzko iritzirik eman nahi izan. "Hedabide baten bitartez jakin dugu berria, ez dugu informazio gehiagorik. Erandioko Udalak hartzen duen erabakiaren zain geratuko gara, eta guk geuk ere aztertuko dugu epaia", esan du.

"Edozein modutan, uste dut bide luzea egin dugula hizkuntza politiketan, eta hortik jarraitzea dagokigula", erantsi du.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Euskaraz Erandio Gizartea bideoak Eguneko albisteak Eguneko albisteak