Gizartea -

ERREGE KOPA

Pantaila erraldoiak, Osasunaren kamiseta handi bat eta argiztapen berezia Iruñean, Kopako finala dela eta

Osasunak larunbatean Sevillan jokatuko duen Errege Kopako finalari begira, Iruñeko Udalak dispositibo berezia prestatu du.

Osasunaren bandera bat Iruñeko balkoi batean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Osasunaren bandera bat Iruñeko balkoi batean. EITB Mediaren bideo batetik ateratako irudia
Iruñea larunbateko Errege Kopako finalerako prestatzen hasi da

0:36

AGENTZIAK | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Bi egun baino ez dira falta Osasunak Real Madrilen aurka Sevillan jokatuko duen Errege Kopako finalerako, eta egun handirako ia dena prest dute Iruñean eta Nafarroan.

Iruñeko Udalak dispositibo berezia prestatu du Errege Kopako finalari begira eta gaur eman dituzte xehetasunak prentsaren aurrean.

Larunbatean lau pantaila erraldoi eta zortzi soinu dorre jarriko dituzte Gaztelu plazan, bertan bildutakoek 22:00etan hasiko den partida behar bezala jarrai dezaten. Jaia lehenago hasiko da ordea, izan ere, 20:00etatik 22:00etara dj bat arituko da giroa alaitzen.

Osasunak Errege Kopa irabazten badu, Iruñeko Udalean harrera egingo diote igandean (19:15). Ekitaldia zuzenean jarraitu ahalko da Gaztelu Plazan jarriko dituzten pantaila erraldoien bitartez. Gainera, La Pamplonesa musika bandak joko du.

Ostiralean, 14:00etan, Osasunaren elastiko erraldoi bat jarriko dute Iruñeko udaletxeko fatxadan eta larunbat iluntzean gorri-urdinez argiztatuko dute.

Udalak segurtasun eta garbiketa dispositiboa indartu du

Errege Kopako finala dela eta Iruñean bilduko den jendetza kontuan izanda, Udalak segurtasun, osasun eta garbiketa dispositibo berezi bat ezarri du astebururako.

Udaltzain, polizia nazional eta foruzain gehiago arituko dira lanean. Halaber, dispositiboaren koordinazioa udaletxetik egingo da eta bertan egongo da aginte postua. Guardia Zibila ere bertan egongo da.

Osasun dispositiboari dagokionez, anbulantzia medikalizatu bat egongo da Gaztelu plazan. Horrez gain, garbiketako 18 langile gehiago egongo dira eta edukiera handiko 20 edukiontzi gehiago jarriko dira.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Futbol albisteak 2024 Osasunari buruzko albisteak Iruñea azken orduko berriak Errege Kopa Albisteak Nafarroa Gizartea bideoak Eguneko albisteak Albisteak Iruñeko Udala