Gizartea -

Hezkuntza

Aurrematrikulazioan sortutako "desorekak" ez dituela onartuko berretsi du Ikastolen Elkarteak

Elkarteak emandako datuen arabera, ikastola lehen aukera zuten 96 ikasle ez zaurgarri beste zentro batzuetara bideratu ditu Hezkuntza Sailak, eta 49 haur zaurgarri jaso ditu.

Bi ume, ikastetxera bidean.
Bi ume, ikastetxera bidean.
Bi ume, ikastetxera bidean.

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ikastolen Elkarteak eutsi egin dio aurrematrikulazio kanpainaren ostean egin zuen plantoari, eta berretsi du ikasle zaurgarriak banatuta euren zentroetan libre geratu diren plazak bertan izena eman duten familiekin beteko dituela. Ikastolen Elkarteko zuzendaritza batzordeak bilera egin du bart, eta bertan erabaki ditu neurriok. 

Horren ustean, "desorekak" sortu dira ikasle zaurgarriak ikastetxeen artean banatzeko orduan. Emandako datuen arabera, lehen aukera ikastola zuten 96 ikasle ez zaurgarri bideratu ditu Hezkuntza Sailak beste ikastetxe batzuetara, eta, oraingoz, 49 ikasle zaurgarri itzuli dizkiete.

Azpimarratu duenez, "segregazioaren kontrako eragile aktibo" izaten jarraitu nahi du Ikastolen Elkarteak, eta horren ildoan iragarri du jasoko dituen ikasle zaurgarrien kopuru bera bideratuko duela beste ikastetxe batzuetara, baina gainerakoei eutsi egingo diela. Zarauzko ikastolaren kasua jarri du adibidetzat: zortzi familia geratu dira ikastolatik kanpo, baina ume zaurgarri bakarra bideratu die Hezkuntza Sailak; horrenbestez, familia bat bideratuko du ikastolatik kanpora, baina beste zazpien eskaera onartuko du. 

Azkenik, Ikastolen Elkarteak iragarri du familiok helegitea aurkeztuko dutela, "gardentasun falta" salatzeko, eta Hezkuntza Sailari prozedura errepikatu dezala eskatuko diotela.

Bildarratzek agerraldia, matrikulazioari buruz argibideak emateko

Ingurumari honetan, Jokin Bildarratz Hezkuntza sailburuak agerraldia eskatu du Eusko Legebiltzarrean, astelehenean gai horren inguruan azalpenak emateko. Behin betiko zerrendak argitaratu ondoren egingo du, hain justu, agerraldia.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
LOMLOE hezkuntza legea Eusko Jaurlaritza berriak EAE Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Hezkuntza sistemako albisteak Nerabezaroa albisteak