Gizartea -

BURUKO GAITZAK

Osakidetzak elikadura portaeraren nahasmenduetan espezializatutako bi unitate sortuko ditu Araban eta Bizkaian

Aspalditik ari ziren patalogia hori duten gaixoak eta horien senitartekoak horren eskean, EAEn ez baitzegoen arreta espezializaturik. Era berean, Gipuzkoan nerabeentzako eguneko ospitale bat irekiko dutela aurreratu du Osasun sailburuak.

Elikadura-nahasmenduak dituen pertsona bat ispiluari begira. Argazkia: EITB
Elikadura-nahasmenduak dituen pertsona bat ispiluari begira. Argazkia: EITB
Elikadura-nahasmenduak dituen pertsona bat ispiluari begira. Argazkia: EITB

ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Osasun Sailak astelehen honetan iragarri duenez, elikadura portaeraren nahasmenduari aurre egiteko bi unitate espezifiko jarriko ditu martxan Bizkaian eta Araban. Horren beharra aspalditik ari ziren aldarrikatzen nahasmendu hori gertutik bizi duten gaixoek eta senideek.

Gotzone Sagardui Eusko Jaurlaritzako Osasun sailburuaren hitzetan, bi unitate horiek "arreta goiztiar intentsiboa" eskainiko diete anorexia eta bulimia arazoak dituzten pertsonei. Hala, uste du horrek "jauzi kualitatiboa" ekarriko duela patologia horri aurre egiteko baliabideak hobetzeari dagokionez.

Azken urteotan nabarmen areagotu dira elikadura-nahasmenduak gazteengan eta adingabeengan; izan ere, pandemiaren ondotik, nahasmendu horiek direla eta izaten diren kontsulten kopurua % 70 baino gehiago hazi da. Euskadin, baina, orain arte ez zegoen gaixo horiek artatzeko unitate espezializaturik, eta denbora zeramaten paziente eta senideen elkarteak horren eskean.

Iragarpen horrez gain, beste bi txosten ezagutarazi ditu gaur sailburuak, haurren eta gazteen osasun mentalari buruzkoak, Osasun Sailak eta Osakidetzak asistentzia indartzearen alde egin baitute; izan ere, azken bi urteetan, pandemia gorabehera, arlo horretara bideratutako giza baliabideak eta baliabide materialak bikoiztu egin dituzte.

Gotzone Sagardui sailburuak nabarmendu duenez, Gipuzkoan nerabeak tratatzeko eguneko ospitale bat sortu da, eta hiru lurralde historikoetan daudenekin bat egingo du.

Hirugarren txostenak patologia duala artatzeari egiten dio erreferentzia, eta, bertan, paziente bakoitzari banakako plan terapeutiko bat esleitzea aurreikusten da, tipologia klinikoaren arabera, kasu bakoitzean baliabide edo gailu egokiena aplikatze aldera.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Osakidetza Bizkaia Euskal Autonomia Erkidegoa Gaixotasunak albisteak Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Osasun albisteak