Gizartea -
ARDOAREN KONTSUMOA
Egunero kopa bat ardo hartzea ona da osasunarentzat ala mitoa da?
Ohitura hori oso errotuta dago gizartean, baina, egia al da? Ardoa, alkoholdun edaria izaki, zenbateraino da onuragarria gure osasunerako? Zergatik zabaldu da horrenbeste baieztapen hori? Aditu batengana jo dugu.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Ikerketa ugarik iradoki dute ardoa neurrian kontsumitzea onuragarria izan daitekeela osasunerako; beste batzuek, ordea, zalantzan jarri dute uste hori, eta horren arriskuez ohartarazi dute. Egunero kopa bat ardo edatearen inguruko teoria asko daude. Zer da egia, zer gezurra?
Xabier Arana Donostia Ospitaleko kardiologoak esan digu alkohol kopuru txikienak ere areagotu egiten duela gaixotasun kardiobaskularrak, gibeleko gaixotasunak edo minbizia izateko arriskua, azken finean, ardoa edari alkoholduna baita.
Alkohola substantzia toxiko eta adiktiboa da. Dena dela, denbora luzez uste izan da osasunarentzat onuragarria izan daitekeela. Are gehiago, mediku askok gomendatu ere egin dute euren dietetan. Dena dela, azken ikerketek argi utzi dute, beste behin, abstinentziaren alde egiteko nahikoa ebidentzia daudela.
Nahasmena, beharbada, Frantziako paradoxaren ondorioz heldu zen; izan ere, Frantzian, ardoaren kontsumoa beste herrialde batzuetan baino askoz handiagoa da, baina gaixotasun kardiobaskularren ondoriozko hilkortasun-tasa, txikiagoa. Duela 200 urte baino gehiago, mediku irlandar batek ikusi zuen bularreko angina Frantzian ez zela Irlandan bezain ohikoa.
Horrela, hamarkada askotan zehar teorioa hori zabaldu da, gaur egunera arte, eta ardoa osasunerako ona dela babestu duten lan ugari argitaratu dira, gainera, ospe handiko aldizkarietan.
Hala ere, Aranaren hitzetan, Frantziako paradoxa horixe da, paradora, frogatuta baitago egunero kopa bat ardo edateak baino gehiago, bestelako arrazoi batzuek eragiten dutela Frantziako biztanleen hilkortasun-tasa beste herrialde batzuetakoa baino txikiagoa izatea; bizimodu osasungarriagoa izatea da horietako bat (jarduera fisiko gehiago egiten dute, barazki gehiago kontsumitzen dituzte eta gutxiago erretzen dute, adibidez).
Horren aurrean, beste behin argi geratu da egunean baso bat ardo edatea ez dela osasuntsua; izan ere, onurak baino gehiago, kalteak eragiten ditu gure osasunean.