Gizartea -
Bizkaia
19 urte eta erdiko kartzela zigorra Santurtzin gizon bat kolpeka eta labankadaz hiltzeagatik, horri lapurtzeko
Azken epaiak bi akusatuak kondenatzen ditu hilketa delituagatik eta indarkeriaz egindako lapurretan tresna arriskutsuak erabiltzeagatik.
Agentziak | EITB Media
Bizkaiko Probintzia Auzitegiak 19 urte eta erdiko kartzela zigorra ezarri die bi gizoni, 2021eko apirilaren 1ean beste gizon bat kolpeka eta labankadaz hiltzeagatik Santurtziko portuan. Biktima 27 metro ibili zituen labankadaz eta kolpeka, erori arte. Orduan, erasotzaileek diru zorroan zeramatzan 30 euro eta 49 leus (xanpon errumaniarra) lapurtzeko aprobetxatu zuten.
Bi auzipetuak ez zituen epaimahai batek epaitu, bi aldeak ados jarri baitziren. Biek onartu zituzten gertakariak, eta haien ondoriozko erantzukizun penalak eta zibilak beren gain hartu zituzten. Gainera, 40.000 euro ordaindu zituzten bien artean erantzukizun zibilagatik, eta judizioz kanpo hartu zuten hilean 300 euro ordaintzeko konpromisoa, erabat ordaindu arte.
Lortutako akordioaren ondoren, epaiak bi akusatuak kondenatzen ditu hilketa delitu baten, indarkeriaz egindako lapurreta baten eta horretarako tresna arriskutsua erabiltzearen egile izateagatik. Bi delituetan, toxikomaniaren aringarri analogikoa agertzen da, bai eta kaltea aitortu eta konpontzekoa ere.
Horietako bati, labankadak eman zituenari, 10 urteko kartzela zigorra ezarri diote hilketagatik. Gainera, zaintzapeko askatasunaren neurria ezarri diote, hau da; prestakuntza, lan, kultura zein sexu hezkuntzako programetan eta antzekoetan parte hartzeko betebeharra, eta kanpoko tratamendu medikoa jarraitzeko edo aldizkako kontrol medikoa egiteko betebeharra, bost urtez.
Beste auzipetuari bost urteko kartzela zigorra ezarri diote hilketa delituagatik, eta zaintzapeko askatasunaren neurria, aurrekoaren baldintza berberetan. Indarkeriaz egindako lapurreta delituagatik eta tresna arriskutsua erabiltzeagatik, bi urte eta erdiko espetxe zigorra ezarri diete bati zein besteari.
Halaber, kostuak ordaintzera eta hildakoaren senideei 200.000 euro ordaintzera behartzen ditu epaiak; bikotekideari eta bi seme alaba adingabeei, hain zuzen.