Gizartea -

Biolentzia matxista

Sexu-erasoen biktima izan diren emakumeen salaketak % 16 igo dira Euskadin

Guztira 131 emakumek salatu dute aurtengo lehen hiruhilekoan sexu-askatasunaren aurkako delitu baten biktima izan direla.

Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.
Artxiboko irudia.

Agentziak | EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Guztira 131 emakumek salatu dute aurtengo lehen hiruhilekoan sexu-askatasunaren aurkako delitu baten biktima izan direla Euskadin, hau da, 2022ko aldi berean baino % 16 gehiagok, Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundeak bildutako datuen arabera.

Delitu mota horren biktima diren emakumeen kopurua % 36 igo da Gipuzkoan (39 salaketa, 2022an; 53, aurten). Bizkaian % 3,3ko igoera izan da (60 eraso 2022an eta 62 urtebete geroago), eta Araban % 14,3ko hazkundea izan dute (14 kasu iazko urtarrila-martxoa bitartean, 16 lehen hiruhileko honetan).

Bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindako indarkeriaren biktima izan diren emakumeen kopuruak ere igoera txiki bat izan du, % 0,3koa. Kopuru hori 899ra iritsi da aurten, hau da, aurreko urtean baino hiru gehiago.

Lurraldez lurralde, hazkunderik handiena Araban izan da (+% 11,3), 138 emakumeri eraso egin baitzaie, aurreko urtean baino 14 gehiago, emandako datuen arabera. Gipuzkoan, 265 emakumek jasan zuten bikotekidea edo bikotekide ohiaren biolentzia (-% 9,5); Bizkaian, berriz, % 3,5 igo zen erasoa jasan zuten emakumeen kopurua (479 emakume 2022an, eta 496 aurten).

Aitzitik, familia barruko indarkeria (biktimaren familia-inguruneak eragindakoa, bikotekideak edo bikotekide ohiak eragindakoa izan ezik) % 6 jaitsi da, urtarriletik martxora 233 emakumeri eraso egin baitzaie (aurreko urteko aldi berean 248ri). Guztira, 1.263 emakumek (192 Araban, 680 Bizkaian eta 391 Gipuzkoan) jasan zuten hiru indarkeria-mota horietako bat, 2022an baino % 0,5 gehiago.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Albisteak Matxismoa Emakumeen Nazioarteko Eguna Sexu erasoak