Gizartea -
Trans Legea
Euskal erregistro zibilek 133 sexu aldaketa izapidetu dituzte martxotik, eta horietako bost amaituta daude
Apirilean trabak izan ondoren, Euskadiko erregistro zibilek normaltasuna berreskuratu dute, eta hasitako prozedurak ia bikoiztu egin dira. Hala, Araban 13 zenbatu dituzte, Bizkaian 65 eta Gipuzkoan 55.
Agentziak | EITB Media
Euskadiko erregistro zibilek nortasun agirietan sexua aldatzeko 133 espediente izapidetu dituzte, Trans Legea 2023ko martxoaren 2an indarrean sartu zenetik, eta horietatik bost amaituta daude jada.
Arauak aukera ematen die 16 urtetik gorako trans pertsonei erregistroan sexua aldatzeko, beren borondatearen adierazpen askearekin. 16 urtetik beherakoen kasuan, 14 urtetik gorakoek gurasoen baimena behar dute, eta 12 eta 13 urte bitartekoek, baimen judiziala; 12 urtetik beherakoek, berriz, izena aldatu ahalko dute erregistroan, baina ez sexua.
Apirilean trabak izan ondoren, Euskadiko erregistro zibilek normaltasuna berreskuratu dute, eta hasitako prozedurak ia bikoiztu egin dira. Hain zuzen ere, apirilaren 14an 71 espediente zeuden, eta maiatzaren 12an, 133.
133 espediente horietatik 13 Araban daude, 65 Bizkaian eta 55 Gipuzkoan, Nerea Melgosa Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako sailburuak EH Bilduri emandako erantzun parlamentario batean jasotzen den bezala. Donostian egin dira eskaera gehien (34), baina Bilbon (18) eta Gasteizen (9) ere egin dira.
Guztira, bost prozesu amaituta daude jada, 41 aurretiazko hitzorduaren fasean daude eta 87 hasita daude. Eskatzaileek dagoeneko egina dute hasierako agerraldia erregistroan, eta bigarren elkarrizketa baten zain daude eskaera berresteko.
Ildo horretan, hasierako agerraldia egiten denetik berresteko agerraldia egiten denera arte, batez beste, hiru hilabete igaro ohi dira, eta hortik aurrera beste bat gehiago, dagokion erregistroan sexua zuzentzeko ebazpena eman dadin.