Gizartea -
Arrazakeria futbolean
Lau gizon atxilotu dituzte Madrilen urtarrilean Viniciusen panpina bat zubi batetik eskegitzea egotzita
19-24 urteko atxilotuetako hiru Frente Atletico talde ultrako kideak dira. Panpinak Real Madrileko jokalariaren elastikoa zuen jantzita, eta "Madrilek Real Madril gorroto du" zioen pankarta baten ondoan agertu zen, Real Madrilek eta Atletico Madrilek Errege Kopako partida jokatu bezperan.
Agentziak | EITB Media
Espainiako Poliziak lau gizon atxilotu ditu Madrilen, gorroto delitua egotzita, urtarrilean Vinicius Junior Real Madrileko jokalariaren kontrako panpina bat zubi batean eskegi zutelakoan.
Atxilotuek 19, 21, 23 eta 24 urte dituzte, eta horietako hiru Frente Atletico talde ultrako kideak dira.
Valdebebas Kirol Hiritik —Real Madrilen kirol instalazioak— gertu eskegi zuten, urte hasieran, talde zuriak Atletico Madrilen kontra Errege Kopako partida jokatu bezperan.
Atxiloketak, ordea, gaur egin dituzte, Espainiako Poliziak Twitterren duen kontuan zehaztu duenez.
Panpinak Real Madrileko jokalariaren elastikoa zuen jantzita, eta zubi batean zintzilikatu zuten "Madrilek Real Madril gorroto du" zioen pankarta baten ondoan. Horren aurrean, ikerketa abiatu zuen Poliziak.
Agenteek frogak bildu zituzten gertakarien lekuan, eta usteko lau egileak identifikatu. Frente Atleticoko hiru kideak aurretik identifikatuta zituzten, arrisku handiko beste partida batzuetatik.
Asteburu honetan bertan, jokalari horren kontra egindako irain arrazistak argitzeko beste ikerketa bat zabaldu du Valentziako Fiskaltzak.