Gizartea -
ARRAZISMOA
18-21 urteko hiru pertsona atxilotu dituzte, Valentziaren zelaian Viniciusi egindako irain arrazistengatik
Atxilotuak espainiarrak dira, eta oinarrizko eskubideei eta askatasun publikoei lotutako delituak leporatzen dizkiete.
AGENTZIAK | EITB Media
Polizia Nazionalak 18 eta 21 urte arteko hiru pertsona atxilotu ditu, Vinicius Real Madrileko futbol jokalariak Valentziaren zelaian igandean jasan zituen irain arrazisten harira. Hirurak aske utzi ditu poliziak, polizia-etxean deklaratu ostean.
Valentziako Erkidegoko Poliziaren Buruzagitzak ohar baten bidez zabaldutakoaren arabera, atxilotu guztiak espainiarrak dira, eta oinarrizko eskubideei eta askatasun publikoei lotutako ustezko delitu bat egotzi diete.
Gaur goizean, Espainiako Gobernuak Valentziako Erkidegoan duen ordezkariak jakinarazi duenez, ustez irain arrazistak egin dituzten hiru pertsona identifikatu dituzte, baina oraindik estadioaren barruko eta kanpoko irudiak ikusten ari dira.
18 eta 21 urte bitarteko hiru pertsonak aske geratu dira, polizia-etxean deklaratu ostean. Hala eta guztiz ere, akusatuei ohartarazi zaie beharrezkoa dela egoitza judizialean agertzea, hala eskatzen zaienean.
Viniciusen panpina
Bestalde, gaur goizean lau gizon atxilotu dituzte Madrilen, urtarrilean Vinicius jokalariaren panpina bat Real Madrilen kirol hiritik gertu dagoen zubi batean eskegi zutelakoan. Atxilotutakoek 19, 21, 23 eta 24 urte dituzte, eta horietako hiru Frente Atletico talde ultrako kideak dira.