Gizartea -
OSASUNA
Osakidetzak beste patologia bat gehituko du jaioberrien "orpoaren proban" gaurdanik
Honekin, guztira 13 gaixotasun atzeman ahalko dira EAEn baheketa horretan. Erkidego batetik bestera alde handia dago detektatzen diren gaitz kopuruari dagokionez. Hala, Nafarroan, adibidez, 30 gaitz daude zerrendan.
EITB MEDIA
Osakidetzak haur jaioberriei gaixotasunak detektatzeko egiten dien orpoaren proban beste gaitz bat gehituko dute gaurtik (ekainak 1) aurrera. Horrela, Jaioberrietan Sortzetiko Gaixotasunak Bahetzeko Euskadiko Aholku Batzordeak zehaztutako 13 gaixotasunak hartuko ditu barne.
Nabarmentzekoa da erkidegoen artean alde handia dagoela baheketan sartzen diren gaixotasun kopuruari dagokionez; izan ere, atzematen diren patologien kopurua aldatu egiten da batetik bestera. Nafarroan, adibidez, Osasunbideak 30 gaixotasun sartzen ditu behaketan.
Gaur arte Osakidetzak egiten zuen orpoaren proban, besteak beste, hipotiroidismoa, fibrosi kistikoa, zelula faltziformeen anemia, astigar-jarabe usaineko gernuaren gaixotasuna eta hipoakusia sartzen dira. Gaurdanik, baina, sortzetiko hiperplasia suprarrenala gehituko zaie gaixotasun horiei.
Gainera, Aholku Batzordeak dagoeneko onartu du I motako tirosinemia ere zerrendan sartzea, gaixotasun metabolikoetan adituak diren pediatra neonatologoek eskatuta. Laster, beraz, gaitz hori ere orpoaren proban sartuko da.
Euskadiko Jaioberrien Baheketarako Programa 1982an abiatu zen, eta Espainiako Osasun Sistemak autonomia erkidego guztietarako ezarritako zerbitzu-zorro komuna du, baita zorro osagarri propioa ere, aipatutako Aholku Batzordeak definitutakoa.
Orpoaren proba jaioberriei orpoan ziztada bidez odola aterata egiten da, jaio eta 48 ordura, eta kasu positiboetan tratamendua ahalik eta denbora laburrenean ezartzea du helburu, betiere gaixotasuna klinikoki agertu aurretik.