Gizartea -

Hilketa matxista

Emakume baten gorpua topatu dute indarkeria zantzuekin Gasteizko apartahotel batean

Biktima 32 urteko gasteiztar bat da, haurdun zegoen, eta hilotzaren ondoan haurtxo bat aurkitu dute egoera onean. Ertzaintzak indarkeria matxista kasu bezala ari da ikertzen.

Hilketa jazo den Gasteizko tokiaren irudietako bat. Argazkia: EFE
Hilketa jazo den Gasteizko tokiaren irudietako bat.
Hilketa jazo den Gasteizko tokiaren irudietako bat. Argazkia: EFE

EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Emakume gazte baten gorpua atzeman dute gaur, indarkeria zantzuekin, Gasteizko apartahotel batean, Segurtasun Sailak jakinarazi duenez. Ertzaintzak indarkeria matxistaren barruan kokatu du hilketa, eta, biktimarekin batera, haurtxo bat aurkitu dute egoera onean, baina ospitalera eraman dute, mediku-azterketa egin diezaioten. 

Hilotza Gasteiz etorbidean kokatuta dagoen Libere taldearen aprartahotel bateko logela batean aurkitu dte.

Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez, biktimak 32 urte zituen, Gasteizkoa zen eta haurdun zegoen. Ertzaintzak ikerketa zabalik du, hilketaren nondik norakoak argitzeko.

Poliziaren ikerketa zabalik dagoenez, Libere taldeko iturriek ez dute zehaztu zenbat denbora eman zezakeen emakumeak apartamentuan bizitzen, ezta bakarrik bizi ote zen ere, baina EFEri azaldu dionez Gasteizkoak egonaldi laburretako logelak dira. 

Erreakzioak

Bestalde, Gorka Urtaran Gasteizko alkateak bozeramaileen batzordea deitu du biharko, indarkeria matxistaren aurkako protokoloa abian jartzeko helburuz. Alkatearen asmoa da bozeramaileekin 11:00etan biltzea, eta gaztearen hilketa salatzeko elkarretaratzea 12:00etarako deitzea.

Emakume honena urteko bigarren hilketa matxista da Euskadin. Lehenengoa Lourdes del Hoyorena izan zen, bere bikotekide ohiak maiatzaren 16an Orion (Gipuzkoa) eskopeta batekin tiroz hil zuen, bere buruaz beste egiteko gero.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Indarkeria matxista Delituak Gizartea Emakumeen kontrako tratu txarren salaketak Eguneko albisteak Gasteiz Albisteak