Gizartea -
Hezkuntza
Eusko Jaurlaritzak Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako eta Batxilergoko curriculum dekretuak onartu ditu
Onartutako hiru dekretuen xedea da aipatu etapetako curriculuma ezartzea eta horren ezarpena, ebaluazioa eta garapena arautzea. Hirurek ala hirurek bat egiten dute ikastetxeen autonomiaren aldeko apustuan.
EITB Media
Gobernu Kontseiluak, Hezkuntza sailburuak proposatuta, gaurko bilkuran onartu ditu Euskadiko Haur Hezkuntzako, Oinarrizko Hezkuntzako (Lehen Hezkuntza eta DBH hartzen ditu barne) eta Batxilergoko berezko curriculumak ezartzeko dekretuak.
Gaur onartutako hiru dekretuen xedea da aipatu etapetako curriculuma ezartzea eta curriculumaren ezarpena, ebaluazioa eta garapena arautzea. Euskal Autonomia Erkidegoan etapa horiek ematen dituzten ikastetxe guztietan aplikatu beharko dira curriculum horiek.
Hiru curriculum dekretuek ikastetxeen autonomiaren aldeko apustua egiten dute alderdi guztietan: kudeaketan, antolamenduan eta autonomia pedagogikoan.
Ezaugarriak eta berritasunak
Curriculum berriak 2022-2023 ikasturtean aplikatzen ari dira etapa bakoitzeko maila bakoitietan, eta 2023-2024 ikasturtean gainerako mailetara zabalduko dira.
Haur Hezkuntza
- Arreta berezia ematen zaio haurren harrera afektiboari, eta naturarekin kontaktuan izatea eta ingurunearen ezagutza sustatzen dira.
- Komunikazio eta hizkuntza konpetentzia garatzeari dagokionez, gure gizartearen kultura aniztasunetik abiatzen da, eta kontuan hartzen da haur askok ikastetxean dutela euskararekin lehen harremana.
Lehen Hezkuntza
- Lehen Hezkuntzako lehen zikloan Gorputz Hezkuntzaren arloari eskaintzen zaion denbora luzatu da, eta jolas garaiari denbora gehiago ematea sustatu da.
- Arloak eremuen arabera antolatzea sustatzen da. Hartara, arloen arteko diziplinartekotasuna sustatzen da, baita, etapa osoan, ezagutzen ikuspegi globala ere.
- "Ingurune naturala, soziala eta kulturala" arloa sortzen da Natura Zientzien eta Gizarte Zientzien arloak bat egitetik.
- "Balio Zibiko eta Etikoak" arloa Lehen Hezkuntzako seigarren mailan emango da, eta koherentziaz jarraipena izango du DBHko lehen mailan.
Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza
- Lehen Hezkuntzatik DBHrako trantsizioa zainduko da, eta, horretarako, pedagogia eta antolamendu neurriak hartuko dira.
- DBH 1 eta DBH 2 mailetan, irakasgaiak eremuen arabera antolatzea sustatzen da.
- "Balio Zibiko eta Etikoak" irakasgaia DBH 1 mailan emango da (Lehen Hezkuntzako 6. mailan landutakoari jarraipena emango zaio).
- 1. eta 2. mailetan, "Natura Zientziak" irakasgaia emango da (horren barruan sartuta daude Biologia, Geologia, Fisika eta Kimika).
- "Teknologia eta Digitalizazioa" irakasgaia DBH 2 eta DBH 3 mailetan emango da. Irakasgai hori DBH 1eko eta DBH 4ko aukerako irakasgaien eskaintzarekin osatuko da.
- Aukerako irakasgaien eskaintza zabala, maila guztietan.
- DBHko titulazioari dagokionez, irakasle taldeak erabakiko du gainditu gabeko irakasgaiak dituzten ikasleek titulua lortzen duten, betiere haien konpetentzia garapenaren arabera.
Batxilergoa
- Batxilergoko lau modalitate: Zientzia eta Teknologia; Giza eta Gizarte Zientziak; Orokorra eta Arteak.
- Batxilergoko modalitate guztiek irakasgai komunak dituzte.
- Batxilergoko modalitate bakoitzak zenbait irakasgai propio edo modalitateko irakasgai izango ditu.
- Batxilergoak aukerako irakasgai eskaintza zabala du.
- Ikasleak gainditu gabeko irakasgai batekin ere lor dezake titulua, baldin eta irakasle taldeak hala proposatzen badu eta ezarritako baldintzak betetzen badira.