Gizartea -
SUTEAK
Bizkaiak baso suteak aztertzeko talde bat eta horien zergatiak ikertzeko brigada espezializatu bat izango ditu
Bizkaiko Foru Aldundiko gobernu kontseiluak baso suteetarako larrialdi plana eguneratzea onartu du, klima aldaketara egokitzeko.
EITB Media
Bizkaiko Foru Aldundiko gobernu kontseiluak baso suteetarako larrialdi plana eguneratzea onartu du, klima aldaketara egokitzeko. Aurrerantzean, baso suteak aztertzeko talde bat eta horien kausak ikertzeko brigada espezializatu bat izango ditu.
Baso suteak aztertzeko talde horrek plangintza eta prebentzio lanak egingo ditu, lehentasunezko arreta behar duten eremu kritikoak identifikatuta. Suteetan suaren portaerari eta bilakaerari buruzko aholkuak emango dituzte.
Teknikariek eta baso agenteek osatutako lantalde espezializatu bat sortu da, suteen kausak zehaztasun handiagoz ezartzeko. Talde honek Ertzaintzaren ingurumen ikerketako zerbitzuekin lankidetzan jardungo du, suaren jatorrian delitu osagairen bat ote dagoen zehazteko.
Bestalde, hemendik aurrera bulldozer bat gehiago arituko da prebentzio eta itzaltze lanetan. Gainera, zeregin horietan lan egiten duten pertsonen prestakuntza indartuko da. Apirilean eta maiatzean sua itzaltzen aritzen diren langileek makineria astuna erabiltzeko prestakuntza jaso dute, eta, batez ere, Balmasedako sutean suak izan zuen portaerari buruz identifikatutako ikasgaiak aztertu dituzte; sute hori izan da azken 30 urteetako larriena Bizkaian.