Gizartea -
Gipuzkoa
Jaizkibelen desagertutako 65 urteko gizona bilatzeko lanei ekin diete, bigarren egunez jarraian
Astearte goizean mendi buelta egitera atera zen sortzez errenteriarra den gizasemea, eta etxera hitzartutako orduan iritsi ez zela ikusita, salaketa aurkeztu zuten senitartekoek. Haren bila ari dira astearte arratsaldetik.
Agentziak | EITB Media
Euskadiko Larrialdi Zerbitzuak etxetik falta den 65 urteko gizonezkoa topatzeko lanei ekin diete, bigarren egunez jarraian, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar batean azaldu duenez. Jaizkibel inguruan, Hondarribian (Gipuzkoa), desagertu zen asteartean eta ordutik haren bila ari dira.
Errenterian bizi den gizasemea Jaizkibel aldera joan zen astearte goizean, mendi buelta egiteko asmoz. Arratsaldean etxera itzuli ez zela eta sakelakoari erantzuten ez ziola ikusita, desagerketa salatu zuen familiak.
Eusko Jaurlaritzako Larrialdiei Aurregiteko teknikari batek koordinatzen du bilatze operatiboa, Guadalupeko Santutegian dagoen aginte postutik. Honakoek parte hartzen dute bilaketa lanetan: Ertzaintzaren herritarren babeserako patruilak, UVRko baliabideak eta helikoptero bat, Babes Zibileko, Gurutze Gorriko, DYAko, Euskadiko Salbamenduko Txakurren Taldeko, Ertzaintzaren Txakur Unitateko eta Ertzaintzaren Dronen Unitateko kideak, bai eta Itsasoko Gurutze Gorriko ontzi bat ere.