Gizartea -
Minbizia
Test genetiko batek beharrezkoak ez diren kimioterapiak ekidingo ditu
Osakidetzaren sistema berria, irailetik aurrera aplikatuko zaie bular-minbizia duten emakumeei. Test honek, kimioterapia behar ez duten 60 eta 100 arteko emakumeen kasuak atzeman ditzake.
Erredakzioa
Zehazpen genetikorako test honi esker, bular-minbizia duten emakume guztiek ez dute kimioterapia prozesutik pasa beharko gaixotasunari aurre egiteko. Osasun sailburuak, Rafael Bengoak, minbiziaren aurkako tratamenduen pertsonalizazioan kokatu du froga berri hau, eta "Euskal Autonomia Erkidegoa, test hau aplikatzen lehenengoa izango dela" azpimarratu du.
Tumore txikiak, gongoil negatiboak eta hormona hartzaile positiboak dituzten emakumeek izango dute zehazpen genetikorako test hau jasotzeko aukera.
Test horretan, ehun-laginak hartu eta laborategira bidaltzen dira. Handik, laginak analizatu ondoren, arrisku-indizeak (txikia, ertaina edo handia) jasotzen dituzten grafiko batzuk bidaltzen dira.
Osakidetzak aurkeztutako txostenean, 36 eta 70 urte bitarteko 27 pazienterekin egin zen proba pilotuaren emaitza erakutsi dute. Donostiako Ospitala eta Arabako Ospitale Unibertsitarioan egindako froga honetan, testa egin baino lehen, 18 emakumeri kimioterapia-tratamendua agindu zieten. Baina emaitzak ikusi ondoren, horietako zazpi emakumeri soilik esan zieten kimioterapia tratamendua jaso beharko luketela. Gainontzeko 11 kasuetan, aldiz, baztertu egin zuten, eta ondorioz, tratamendu horren albo-eraginak ekidin ziren.
Zehazpen genetikorako test honen aurkezpenean, Osasun sailburua Rafael Bengoarekin batera, Eduardo Garate, Osakidetzako Osasun Asistenziako zuzendaria eta Donostiako Unibertsitate Ospitaleko ginekología ataleko Arantxa Lekuona egon dira.