Gizartea -
Gipuzkoa
Eskola Txikien Festa hartuko du igande honetan Lizartzak
Lizartza, Orexa eta Gazteluko 66 haur ari dira ikasten jaialdiaren antolakuntzaz arduratu den eskolan. Antolakuntzatik urteroko jaira autobusez gerturatzeko deia egin dute.
EITB Media
Lizartzako eskolak antolatuta, Eskola Txikien Eguna ospatuko dute igandean, Tolosaldeko herri horretan. Lizartza, Orexa eta Gazteluko 66 haur ari dira ikasten egun Lizartzako eskolan, 2 eta 12 urte bitartekoak.
Eskola txikia izanik, adin desberdineko haurrek elkarrekin eta elkarrengandik ikasten dute, adin aniztasuna bultzatuz. Sei taldetan banatuta ikasten dute; Haur Hezkuntzako bi talde eta Lehen Hezkuntzako lau, eta 14 irakasle arduratzen dira horien guztien hezkuntzaz.
Adin ezberdineko umeak talde berean elkartzeaz gain, proiektuen bidez lan egitea, digitalizazioa, baratze propioa edo eleaniztasun proiektua ere ditu ezaugarri eskolak.
Antolakuntzatik Eskola Txikien urteroko jaira autobusez gerturatzeko deia luzatu dute. Era berean, jakinarazi dute autoan, furgonetan edo autokarabanan joateko asmoa dutenek Irunzubi industriagunean utzi beharko dutela ibilgailua. Goizeko 09:00etatik arratsaldeko 20:30era autobus zerbitzua egongo da bertatik Lizartzako herrigunera.