Gizartea -
INDARKERIA MATXISTA
Gizon bat atxilotu dute Bilbon, bikotekideari eraso egitea leporatuta
Bertaratu diren agenteak leihotik sartu dira etxebizitzara, gizonak erasoarekin jarrai ez zezan. Une horretan, ertzainen aurka oldartu da, eta agente bat jo du.
EITB MEDIA
Ertzaintzak 29 urteko gizon bat atxilotu du astearte honetan Bilbon, genero-indarkeria eta agintaritzaren aurkako atentatua egotzita, Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak ohar bidez jakitera eman duenez.
Goizaldean, 01:50 aldera, Ertzaintzak dei bat jaso du, etxebizitza batean zegoen emakume bat laguntza eske entzun dutela esanez. Bertaratu diren agenteak leihotik sartu dira, gizonak erasoarekin jarrai ez zezan.
Une horretan, ertzainen aurka oldartu da, eta agente bat jo du, atxilotu ez zezaten. Azkenik, genero-indarkeria eta agintaritzaren aurkako atentatua leporatuta atxilotu dute. Bi agente zauritu dira.
Atxilotuak polizia aurrekariak ditu genero-indarkeriagatik, eta Emakumearen aurkako Indarkeriaren arloko Bilboko Epaitegiaren esku utziko dute.