Gizartea -
TURISMO EKOLOGIKOA
Turismo "berdea" Euskadin, goraka doan sektorea
Euskadi liderra da Estatuko rankingean Europako etiketa ekologikoa duten ostatuen artean. Gaur egun 37 ostatuk dute ziurtagiria, baina gora doa eskaera; izan ere, azken boladan ostatuen sektoreak ere bat egin du jasangarritasunarekin.
ANE SANTESTEBAN | EITB MEDIA
Ingurumenarekiko errespetua lortzeko kontzientzia gero eta handiagoa den honetan, azken boladan hotel eta ostatuen sektoreak ere jasangarritasunaren aldeko apustua egin du. Hala, Euskadin gaur-gaurkoz Europako etiketa ekologikoa duten 37 turismo-ostatu daude, eta liderra da Estatuko rankingean. Gainera, Europako helmuga nagusietako bat da halako azpiegituretan, beste herrialde batzuen aurretik.
Baina, zer da ostatu edo hotel jasangarri bat? Zer-nolako ezaugarriak ditu? Europako etiketa ekologikoa duten hotel horiek, beren kontsumoak minimizatzeaz eta kontrolatzeaz gain, besteak beste, berokuntza- eta argiztapen-ekipamendu efizienteak dituzte, baita ura aurrezteko gailuak ere, eta tokiko produktuak eta produktu ekologikoak eskaintzen dizkiete bezeroei.
Gorane Ibarra Ihobeko (Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Jarduketarako Sozietate Publikoa) Komunikazio Korporatiboko arduradunak esan digu 2018 eta 2019an izan zela bultzada handiena eta orain mantentzen ari dela eskaera. "Euskadin une honetan 37 ostatu ditugu Europako etiketarekin, baina datozen asteetan 40 izango dira", zehaztu du.
Ostatuen artean gero eta etiketa ekologiko gehiago dagoela adierazi du; izan ere, horren aburuz, ostatuentzat "oso garrantzitsua da bezeroen iritzia, eta horiek ere gero eta garrantzi gehiago ematen diete gai hauei".
Europa mailan Euskadi liderra da: "Euskadin administrazioak bultzatu du tresna hau ostatuetan, baina ez dirulaguntzen bidez, beraien alboan egonda eta laguntza teknikoa emanda baizik".
Eusko Jaurlaritzako Ekonomiaren Garapen, Jasangarritasun eta Ingurumen Saila da gurean ostatuen instalazioetan ingurumen-irizpide zorrotzak betetzen direla egiaztatzeko eskumena duen organoa, Ingurumen Jasangarritasuneko Sailburuordetzaren bitartez.
Eskakizun horien artean hauek daude: ingurumena kudeatzeko eta kontrolatzeko sistema dokumentatu bat ezartzea, ingurumen-jarduna hobetzeko erregistroak eta neurketak eskatzen dituena; ingurumen-arloko legeria betetzea, baita aplikatu beharreko sektore- eta lan-legeria ere; eremu desberdinetan ezartzen diren 22 nahitaezko irizpide betetzea (kudeaketa orokorra, energia, ura, hondakinak eta hondakin-urak, eta beste irizpide batzuk, hala nola garraio jasangarria); eta gutxieneko puntuazio bat lortzea hautazko irizpideen multzo bati dagokionez, ostatuak eskaintzen dituen zerbitzuen arabera.
Mutrikuko Arbe hotelean, Euskal Kostaldeko Geoparkean, etiketa lortzeko hartu dituzten neurriak azaldu dizkigute (2018tik du Europako etiketa ekologikoa), eta Euskadiko hotel jasangarrien zerrendan sartu da. Iñaki Arin jabeak adierazi duenez, egunero ahalegintzen dira hotel iraunkorragoa izaten.