Gizartea -

INTELIGENTZIA ARTIFIZIALA

Inteligentzia artifiziala zaintza biometrikorako erabiltzea debekatu nahi du Europako Parlamentuak

Aldi berean, inteligentzia artifiziala erabilita egiten diren edukiak nola egin diren zehaztea nahi du. Europako Parlamentuak inteligentzia artifizialaren etorkizuneko legerako oinarriak finkatu ditu eta asteazken honetan hasiko ditu negoziazioak Europako Batzordearekin eta Europako Kontseiluarekin.

AI (Artificial Intelligence), Inteligentziar Artifiziala, ingelesez. Artxiboko argazkia: EFE
AI (Artificial Intelligence), Inteligentziar Artifiziala, ingelesez. Artxiboko argazkia: EFE
AI (Artificial Intelligence), Inteligentziar Artifiziala, ingelesez. Artxiboko argazkia: EFE

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Europako Parlamentuak inteligentzia artifizialari buruzko lege berriaren oinarriak finkatu ditu, eta gaur bertan behin betiko testua adosteko negoziazioak abiatuko ditu Europako Batzordearekin eta Europako Kontseiluarekin.

Zehazki, debekatu egin nahi du inteligentzia artifiziala zaintza biometrikorako, emozioak ezagutzeko eta poliziaren sistemetarako iragarpenak egiteko erabiltzea.

Euroganberak ateak itxi nahi dizkio denbora errealean espazio publikoetan egindako identifikazio biometrikoari. Hala ere, ez du baztertzen, a posteriori eta agindu judiziala baldin badago, iraganeko irudiak (ez zuzenekoak) identifikaziorako erabiltzea "delitu larrien" kasuan. Era berean, alboratu egin nahi ditu arraza, generoa, etnia edo erlijioa oinarri gisa hartuta funtzionatzen duten tresna biometrikoak. Halaber, segurtasun indarrek ezingo lukete emozioak ezagutzeko sistemarik erabili, esaterako, muga pasabideetan.

Europako Parlamentuaren gehiengoak errefusatu egiten du aurpegien datu baseak sortzeko internetetik edo telebista zirkuitu itxietatik ateratako aurpegien irudiak "modu indiskriminatuan", bereizi gabe, arakatzea.

Testua eta ikus entzunezko materiala sortzeko gai diren ChatGPT bezalako sistemak arautzeari buruzko eztabaida pil-pilean dagoen honetan, Europako Parlamentuak nahi du erabiltzaileek edukiak sortzerakoan horrelako tresnaren bat erabiltzen dutenean aitortu behar izatea.  

Bestalde, Euroganberak oso erabilera zehatzak dituzten inteligentzia artifizialeko sistema batzuk arrisku handikotzat jotzen ditu, eta horregatik Europar Batasuneko oinarrizko eskubideak eta balioak errespetatzen badituzte soilik sartu ahal izango dira merkatuan.

Europar Batasuneko erakunde nagusiek datorren urterako prest izan nahi dute inteligentzia artifiziala arautzeko lehen legea.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Teknologia Europar Batasuna Gizartea Eguneko albisteak Albisteak Europako Parlamentua Inteligentzia artifiziala