Gizartea -
EMAKUMEEN KONTRAKO INDARKERIA
Sexu esplotazioaren bederatzi biktima askatu dituzte Bilbon
Polizia Nazionalak egin du operazioa, eta bederatzi pertsona atxilotu ditu Bilbon, Barakaldon eta Castro Urdialesen. Atxilotuak aske utzi dituzte epaiketa egin arte.
EITB MEDIA
Bilboko Ametzola auzoko lokal batean prostituitzera behartzen zituzten bederatzi emakume askatu eta bederatzi pertsona atxilotu dituzte Bilbon, Barakaldon eta Castro Urdialesen. Polizia Nazionalak egin du operazioa, eta sexu esplotazioa, bortxazko prostituzioa, legez kanpoko immigrazioa bultzatzea, droga trafikoa eta talde kriminaleko kide izatea leporatu die atxilotuei.
Polizia Nazionalak gaur ohar baten bidez jakinarazi duenez, emakume batek sexualki esplotatzen zutela salatu zuen Bilbon, eta horregatik abiatu zuten ikerketa.
Agenteen aurrean azaldu zuenez, garbitzaile gisa lan egiteko eskaintza bat jasota etorri zen, eta, iritsi zenean, prostituzioan aritzera etorri zela eta ez zuela garbitzaile gisa lan egingo adierazi zioten.
Egun osoan lan egitera behartzen zuten, eta zerbitzu bakoitzarengatik irabazten zuenaren erdia jasotzen zuen. Halaber, preserbatiborik gabe ahozko sexua praktikatu behar izaten zuen, eta bezeroak zeuden lekuetara droga eraman, eta, haiek eskatuz gero, haiekin kokaina kontsumitu. Biktimaren hitzetan, behin baino gehiagotan joan behar izan zuen Basurtuko Ospitalera bezero bati kokaina eraman eta berarekin sexu harremanak izateko.
Beharrezko ikerketak egin ondoren, Polizia Nazionalak bederatzi pertsona atxilotu zituen apirilaren 26an. Bilboko Instrukzioko 2. Epaitegia ari da ikerketa zuzentzen, eta epaiketa egin arte atxilotuak aske uzteko agindu du.