Gizartea -
ARKU ATLANTIKOA
Urkulluk eskualdeen "erabateko parte-hartzea" eskatu du Arku Atlantikoa bultzatu eta Europan eragiteko
Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberek adierazpen bat sinatu dute Bilbon, Iñigo Urkullu lehendakaria tartean, lankidetza-mekanismoak indartu eta Arku Atlantikoa bultzatzeko.
EITB MEDIA
Iñigo Urkullu lehendakariak etorkizuneko makroeskualdearen gobernantzan "erabateko parte-hartzea" eskatu die Arku Atlantikoa osatzen duten eskualdeei, Europako agendan "gure interes komunen alde" lan egiteko.
Gainera, formalki eskatu dio Espainiako Gobernuko presidenteari Atlantikoko makroeskualdea sortzea lehentasun gisa sar dadila uztailaren 1ean hasiko den EBko Kontseiluaren Espainiaren Presidentetzaren Agendan.
Astearte honetan, Portugal, Galizia, Asturias, Kantabria, Burgos, Nafarroa, Euskadi eta Akitania Berriko Iparraldeko Merkataritza Ganberen bilera egin dute Bilbon, eta "Arku Atlantikoko Merkataritza Ganberen Adierazpena" sinatu dute bertan. Bilera amaitu ondotik, Jose Ignacio Zudaire Ganberako presidenteak dokumentua eman dio Iñigo Urkullu lehendakari eta Arku Atlantikoaren Batzordeko presidenteari.
Adierazpenean, ganberen arteko eta erakundeen arteko lankidetza-mekanismoak indartzeko konpromisoa jaso da, eta lehentasunezko erronkak ezarri dira, "aurrera egiten jarraitu ahal izateko", Urkulluren esanetan.
Erronken artean, hauek nabarmentzen dira: hezkuntza-sektorearen, ikerketa-zentroen, klusterren eta industrien arteko lankidetza sustatuko duen ekonomia atlantiko berritzaile eta jasangarri baten espezializazioa; korridore atlantikoa amaitzeko garraioaren plangintzaren ikuspegi bateratua indartuko duen eremu atlantiko interkonektatu bat; iraunkortasunean aurrera egiteko alderdiak eta makroeskualdearen egunerokoan eragingo duten eragile sozioekonomiko guztien lankidetza.
Agerraldian, Iñigo Urkullu lehendakari eta Arku Atlantikoaren Batzordeko presidenteak esan duenez, gaur egungo testuinguruan "Ardatz Atlantikoak asko du jokoan", eta kezka agertu du "Europako fokua ekialderantz biratzen ari delako". Hala, "jokoz kanpo geratzeko arriskua" dutela nabarmendu ondoren, Ardatz Atlantikoa osatzen duten eskualdeei dei egin die "elkarrekin eta auzolanean" lan egiteko erronka ekonomiko eta sozialei aurre egiteko, eta baita ingurumenarekin lotutako erronkei ere.
"Hemen gauden guztion helburua da Europako agendan eragitea, gure interes komunen alde", azpimarratu du, eta Arku Atlantikoa defendatuko duen makroeskualde berri bat eratzeko eskatu du energia- eta trenbide-konexioak eta hidrogenoari lotutakoak azkartze aldera.