Gizartea -
2023ko sanferminak
Hasi dira sanferminak, inoiz baino "gorritxoago"
"Ez dugu amore emango, aupa Osasuna!" oihu eginez eta suziriaren metxa piztuz abiatu ditu festak Luis Sabalza Osasunako presidenteak. Bederatzi eguneko festa lehertu da, horrenbestez, Iruñean. Euria iragarrita zegoen arren, eguraldiak errespetatu egin du momentikoa.
Eider Garaikoetxea O. | EITB Media
Luis Sabalza Osasunako presidenteak, hunkituta, eman die hasiera aurtengo sanferminei. Eguerdian eta ateri zela lehertu da festa Iruñean. Inoizko gorriena izan da 2023ko txupinazoa, talde gorritxoari egokitu baitzaio suziria piztea.
Sabalzak, Jagoba Arrasate futbol taldeko entrenatzailea eta Cristina Ibarrola Iruñeko alkate berria ondoan zituela, ohikoak diren "iruindarrak, Gora San Fermin" oihukatu ditu aurrena, eta gero honakoa erantsi du: "Ez dugu amore emango, aupa Osasuna!". Gorri kolorea hartu du orduan Udaletxe plazak, milaka zapi altxatuta zirela.
Denboraldi bikaina egin du Osasunak, eta horri omenaldia egitea asmo zuen txupina jaurtitzearen ohore eta ardurak. Errege Kopako finalera heldu zen talde gorritxoa eta, 100 urte pasatxoko historian lehen aldiz, Espainiako Superkoparako eta Europako Konferentzia Ligarako txartela lortu du. UEFAk, baina, lehiaketatik kanpo uztea erabaki du (Osasunak erabakia errekurritu du).
Hain justu, UEFA jomugan izan dute txupinazoan zehar, hainbat pankarta ikusi ahal izan baitira "justizia" eskatuz eta Europako futbol elkartearen erabakia gaitzetsiz. Eta horren gainetik, Osasunaren aldeko oihu eta kantuak: "Osasuna ale, Osasuna ale, Osasuna ale, ale..." edota "Osasuna nunca se rinde" (Osasunak ez du inoiz amore ematen) doinuak entzun dira sanferminetako ohiko abestiekin batera.
Behin festa lehertuta, txistulariak atera dira plazara eta "Agur Jaunak" abestiarekin ekin diote euren emanaldiari. Ondoren heldu da gaiteroen txanda, eta oraingo honetan, Osasunari egin diote omenaldia:
Sabalza: "Ikaragarria izan da"
Txupina jaurtita, Osasunako presidenteak esan du "emozio deskribaezina" sentitu duela. "Ikaragarria izan da", erantsi du.
Azaldu duenez, metxari su emateko unean lepoan jarri behar zuen zapi gorriak su hartu du. "Txingarra da, eta txingarra behera doa. Suziria airean joan da, baina txingarrak gainera etorri zaizkit", kontatu die kazetariei. Iragarri du zapia gordeko duela eta "museoa egiten dugunean" bertan jarriko duela.
Txupinazoan zaleen esaldi bati (Osasunak ez du inoiz amore ematen) egin dion erreferentziaz galdetuta, erantzun du "Aupa Osasuna" baino gehiago bota nahi zuela. "Uste dut neurrian aritu naizela denok sentitzen duguna azaltzeko. UEFAko presidentea eta TASeko arduradunak ikusi izana espero dut, eurak dira eta orain erabakia hartu behar dutenak", adierazi du.
Bederatzi eguneko egitarau zabala
Festa hasi besterik ez da egin, eta uztailaren 15era arte 540 ekitalditik gora antolatu baitira. Musika eta tradizioek ez diote berrikuntzei tarte handirik utziko eta gustu eta publiko guztientzako ekitaldiak izango dira; kontzertuak Foruen Plazan, Gaztelukoan edo Konpainiakoan, gaiteroak, txistulariak, errondaila edo banda, besteak beste.
Txikienek ere ez dute aspertzeko betarik izango sanferminetarako prestatu diren 145 ekitaldiekin. Gauza jakina da, baina, erraldoi eta buruhandien konpartsa izaten dela ekintzarik arrakastatsuena.
Ohikoa den moduan goizero egingo diren entzierroek ikusmina sorraraziko dute Iruñera gerturatzen den ororen artean. Uztailaren 7tik 14ra egingo dira, eta EITBk zuzenean emango ditu goizero, 07:45etik aurrera, ETB1en eta eitb.eus-en. Entzierroaren ibilbidea seguruagoa izan dadin, ez labaintzeko produktua dagoeneko bota dute.