Gizartea -

Indarkeria matxista

Iruñerriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du astelehen honetarako sexu erasoen aurka

Sanferminak hasi zirenetik izan diren sexu erasoen aurrean errefusa agertzeko mobilizatuko dira 21:00etan, Gaztelu Plazan. Udaleko Bozeramaileen Batzordeak adierazpen bat onartu du erasoen aurka.

Indarkeria matxistaren aurkako protesta. Argazkia: EITB
Indarkeria matxistaren aurkako protesta. Argazkia: EITB
Indarkeria matxistaren aurkako protesta. Argazkia: EITB

eitb media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Iruñerrriko Mugimendu Feministak elkarretaratzea deitu du astelehen honetarako, 21:00etan Gaztelu plazan, sanferminak hasi zirenetik izan diren sexu erasoen aurka.

Ostegunean sanferminak hasi zirenetik sexu-erasoen hamaika salaketa izan dira, eta Cristina Ibarrola alkateak berak baieztatu zuen atzo atxiloketak ere izan direla dagoeneko.

Ildo horretan, Udaleko Bozeramaileen Batzordeak, koordinazio- eta erantzun-protokoloa betez, bilera egin du gaitzespen-adierazpen bat adosteko eta deitutako mobilizazioei babesa adierazteko.

Adierazpen horretan, Iruñeko Udaleko talde politiko guztiek berretsi dute hirian gertatzen den "edozein eraso, indarkeria edo jarrera sexista gaitzesten" dutela, eta  "eraso sexistak ezabatzeko, segurtasuna hobetzeko eta ingurune guztietan emakumeen askatasuna erabat gauzatzen dela bermatzeko" lanean jarraitzeko konpromisoa agertu dute.

Era berean, Batzordeak gizarteari eskatu dio alda dezala "erasotzailea babesteko eta emakumeei errua egozteko kultura-eredua" eta, bereziki, gizonei zuzendu zaie, haiei eskatzeko "emakumeek jasaten dituzten eraso eta indarkeria mota guztiak amaitzeko eta gure gizartean benetako berdintasuna lortzeko lan egiteko konpromiso aktiboa" har dezatela. 

Gainera, indarkeria eta eraso sexistei modu aktiboan aurre egiteko gonbita egin diete herritarrei, "emakumeek beren harremanei, gorputzari eta sexualitateari buruz erabakitzeko duten eskubidea" azpimarratzearekin batera. 

Aske, urruntze-aginduarekin

Iruñeko Udaltzaingoak jakitera eman duenez, joan den asteburuan emakume bati sexu-erasoa egiteagatik Iruñean atxilotutako gizonezkoa aske geratu da, urruntze-aginduarekin, igande honetan epailearen aurrean agertu ostean.

Iruñeko Udaltzaingoak gizon bat atxilotu zuen larunbat arratsaldean Nafarroako hiriburuan, Zabalguneko etxebizitza batean emakume bati ustez sexu-erasoa egiteagatik. Biktimak goizean salatu zuen Poliziaren aurrean gertaera hori.

11:30ean eraman dute epailearen aurrera deklaratzera. 

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Iruñeko argazkiak Indarkeria matxista gaur Albisteak Nafarroa Gizartea bideoak Genero indarkeriaren biktimak Prentsa digitalaren azken orduko Gaurko azken ordukoa Manifestazioak gaur Matxismoa gaur Gizon eta emakumeen arteko berdintasuna Eraso sexualak gaur