Gizartea -
Eguraldia
Bero sapa espero da gaurko, 40 °C-ko maximoekin Erriberan, baina denbora tarte batez baino ez da izango
Alerta laranja ezarri dute Nafarroa erdialdean eta Erriberan, eta abisu horia, EAEn (30-36 graduko maximoak). Dena dela, 13:00etatik aurrera, haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta tenperaturak 10 gradu jaitsaraziko ditu.
EITB MEDIA
Gaurko eguna sargoria izango da, bereziki Nafarroa erdialdean eta Erriberan (39-40 ºC-ko maximoak iragarri dituzte). Hori horrela, Aemet Espainiako Meteorologia Agentziak alerta laranja ezarri du bi guneotan. Euskal Autonomia Erkidegoan (EAE) termometroak ez dira horrenbeste igoko, baina bero egingo du: kostaldean, 30 ºC tenperatura maximoak espero dira; 35 ºC ingurukoak, Bizkaia eta Gipuzkoa barnealdean, eta 36 ºC-ra igoko dira Araban. Nolanahi ere, ordu batzuez baino ez da izango, Euskalmetek zehaztu duenez.
Izan ere, Euskal Meteorologia Agentziaren arabera, 13:00etatik aurrera, haizeak ipar-mendebaldera egingo du eta tenperaturak 8-10 gradu jaitsiko dira bat-batean. Tenperatura aldaketa mendebaldetik ekialdera eta kostaldetik barnealdera hedatuko da. Hots, 13:00-14:00 tartean, Bizkaiko kostaldean igarriko dute beherakada, eta 15:00-16:00 bitartean, lurraldearen barnealdean. Gipuzkoako kostaldean 16:00etarako "freskatuko" du, eta ordubete geroago (17:00ak aldean) barnealdean. Tenperaturen jaitsiera arratsaldean sumatuko dute Araban, 17:00etatik aurrera (Arabako Errioxan, 19:00ak arte itxaron beharko dute).
Nafarroan, ia lurralde osoa —Pirinioak izango dira salbuespena, eta Nafarroako Kantauri Isurialdean abisu horia izango da indarrean— egongo da alertapean eguerditik 20:00ak arte. Bero itogarriena Erriberan izango dute eta termometroak 40 ºC-ra igoko dira bertan. Nafarroa erdialdean, Iruñea hiriburua tartean, 39 ºC-ko maximoak espero dira. Hala, sanferminetako azken eguna gerizpean igaro beharko dute iruindarrek eta bisitariek.