Gizartea -
Eguraldia Euskal Herrian
Asteburuko atsedenaldiaren ondotik, bero zakarra Arabara eta Nafarroara itzuliko da asteartean
12:00etatik 17:00etara 37 gradura arteko tenperaturak espero dira Arabako hegoaldean. Foru Erkidegoan, berriz, Aemetek abisu laranja ezarriko du bihar arratsaldean, 40 gradu inguruko tenperaturak espero baitira.
EITB MEDIA
Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailak abisu horia ezarriko du astearte honetan 12:00etatik 17:00etara, tenperatura altuengatik. Beroenak Arabako hegoaldean espero dira, termometroa 37 graduren bueltan ibiliko baita. Nafarroan, 40 gradu inguruko tenperaturak izango dituzte berriro.
Maximoak baxuagoak izango dira Bizkaian eta Gipuzkoan, 28 gradu ingurukoak, eta kostaldean ez dituzte 24 graduak gaindituko. Astearte goizean, EAEn, haizea ipar-mendebaldetik finkatuko da kostaldean, eta arratsaldean barnealdera zabalduko da, orduko 50 eta 60 kilometro arteko bolada gogorrekin. Ondorioz, arratsaldeko 17:00etatik aurrera tenperaturek behera egingo dute.
Nafarroan, Estatuko Meteorologia Agentziak (AEMET) abisu laranja ezarriko du bihar Nafarroako erdialdean eta Erriberan tenperatura maximoak direla eta. Iragarpenaren arabera, termometroa 39 gradura irits daiteke 13:00etatik 20:00etara. Ordu tarte horretan Nafarroako Pirinioak ere alerta horian izango dira.
Egun hodeitsua izango da biharkoa Foru Erkidegoan eta zaparradak, ekaitzak eta haize-boladak egon litezke Nafarroa Erdialdean eta Ebroko Erriberan.