Gizartea -

Indarkeria matxista

Gazte bat atxilotu dute Pasaian, gizon bati labankada eman eta emazte ohiaren etxebizitzari su emateagatik

Gizona larri zauritu zuen asteartean, eta Donostia Ospitalera eraman behar izan zuten. Epaileak 27 urteko atxilotua espetxeratzeko agindua eman du gaur arratsaldean, hilketa saiakera eta genero indarkeria egotzita.

Agentziak | EITB Media

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Ertzaintzak 27 urteko gazte bat atxilotu zuen asteartean Pasaian (Gipuzkoa), gizon bati labankada bat ematea eta emazte ohiaren etxebizitza erretzen saiatzea leporatuta. Horrenbestez, genero-indarkeriako delitu bat ere egotzi diote, Segurtasun Sailak gaur jakinarazi duenez.

Gertakariak asteartean jazo ziren, 02:30ean, Pasaiako kaleetan. Atxilotuak, bi aiztoz armatuta, labankada bat eman zion biktimari bularrean. Lekuko batek anbulantzia bati eta Ertzaintzari deitu zien, eta erasotzailea desarmatzea eta atxilotzea lortu zuten.

Bitartean, osasun-langileek biktima artatu zuten, arma zuriz egindako zauri bat baitzuen bularrean, eta Donostia Ospitalera eraman zuten, larri.

Ikerketaren arabera, atxilotuak erabilitako labanak ordu erdi lehenago lapurtu zituen emazte ohiaren etxebizitzan, giltzak lapurtu ostean. Etxetik alde egin aurretik, erasotzaileak su eman zien etxeko objektu batzuei. Hala ere, emakumeak sutea berehala itzaltzea lortu zuen.

Atxilotua, hainbat deliturengatik aurrekari ugari dituena, ertzain-etxera eraman zuten, eta gaur goizean epailearen esku utzi dute.

Epaileak espetxeratzeko agindua eman du gaur arratsaldeko lehen orduan, hilketa saiakera eta genero indarkeria egotzita.

Tratu txarrak pairatzen badituzu edo kasuren bat ezagutzen baduzu, kontuan hartu gida honetako aholkuak eta/edo deitu doako telefono hauetara: 900 840 111 (EAEkoa), 016 (Espainiako Estatukoa) edo 3919 (Iparraldekoa, eguneko 24 orduetan erabilgarri, igande eta jaiegunetan 09:00etatik 18:00etara izan ezik). Ez dute fakturan arrastorik uzten, baina bai telefonoan. Beraz, ez ahaztu ezabatzea.
Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Ertzaintza Indarkeria matxista Gizartea Indarkeria matxistaren biktimak Eguneko albisteak Pasaia Albisteak Matxismoa