Gizartea -

ASTE NAGUSIA

Jaietan "etxera itzultzeko ibilbide seguruak bermatzeko" neurriak indartuko ditu Donostiako Udalak

Segurtasunaren Koordinazio Batzordeak bilera egin du gaur, Donostiako Aste Nagusirako prestatu duten planaren azken hari-muturrak lotzeko, sexu-erasoak eta bestelako delituak prebenitzea helburu.

Bi ertzain, Donostian. Artxiboko irudia.
Bi ertzain, Donostian. Artxiboko irudia.
Bi ertzain, Donostian. Artxiboko irudia.

EITB MEDIA

Whatsapp Facebook Twitter Telegram Email

Hasi da Donostiako Aste Nagusirako atzerako kontaketa. Jaietako programazioa orain bi aste aurkeztuta, gaur segurtasun dispositiboaren berri eman du Donostiako Udalak. Ohi bezala, Udaltzaingoa eta Ertzaintza elkarlanean arituko dira hiriko segurtasuna zaintzen, eta, aurten, herritarrei festa guneetatik etxera bueltatzeko "ibilbide seguruak bermatzea" izango da helburuetako bat.

Hala jakinarazi dute Segurtasunaren Koordinazio Batzordeko arduradunek, goizean egin duten bileraren ostean. Besteak beste, Eneko Goia Donostiako alkateak, Martin Ibabe Herri Segurtasuneko eta Herri Babeseko zinegotziak, Josu Bujanda Ertzaintzako buruak eta Donostiako Udaltzaingoko ordezkariek hartu dute parte hitzorduan.

Festak "errespetuz" gozatzeko esan die Ibabek herritarrei, eta "elkarlana" eskatu die, festa seguruak izan daitezen. Kalean zein festa gunean delitu zantzuren bat atzemanez gero, segurtasun indarrei berehala jakinarazteko galdegin du.

Aste Nagusian jende gehien bildu ohi duten tokiak bereziki zainduko dituzte, hala nola Alde Zaharra, Gros auzoa edota erdigunea, sexu-erasoak eta bestelako delituak prebenitzea helburu.

Halaber, Bujandak zehaztu du egunero 24 orduz zainduko dituztela kaleak eta festa guneak uniformez zein kaleko jantzita egongo diren agenteek. Horrek ere, elkarlana eskatu die herritarrei, delituak eta legez kanpoko jarrerak ekiditeko.

Abuztuaren 12an abiatuko da Donostiako Aste Nagusia, ohiko kanoikadarekin. Orotara, 312 ekitaldi antolatu dituzte 31 gunetan banatuta. Donostiako Piratak elkarteak ere, programazio zabala eta askotarikoa antolatu du, publiko guztientzat.

Hau zure interesekoa bada, baliteke beste gai hauek ere izatea
Donostiako Udala Donostiako Aste Nagusia Donostia Gipuzkoa Gizartea Eguneko albisteak Albisteak