Gizartea -
Indarkeria matxista
Gizon batek bikotekidea hil du Almerian seme-alabak aurrean zirela
Hain justu, 8 eta 9 urteko seme-alabek ohartarazi zituzten auzokideak, larrialdi zerbitzuei dei ziezaieten.
Agentziak | EITB Media
36 urteko gizonezko bat atxilotu zuten atzo Almerian, 27 urteko bikotekidea hiltzea egotzita. Hiru seme-alaba adingabeak (5 hilabeteko haurtxoa eta 8 eta 9 urteko bi ume) aurrean zirela hil zuen gizonak emakumea.
Hain justu, adin txikikoek ohartarazi zituzten auzokideak, larrialdi zerbitzuei dei ziezaieten, Espainiako Poliziak jakinarazi duenez.
Hilketa Pescaderia auzoko etxebizitza batean jazo zen, atzo arratsaldean. Ustezko hiltzaileak labanaz eraso zion biktimari, lepoa moztuta.
Almeriako Lurralde Komisariaren arabera, Udaltzaingoa, Espainiako Polizia eta osasun zerbitzuak bertaratu ziren. Emakumea hilotz topatu zuten, eta ustezko hiltzailea atxilotu. Antza, gizonak aurre egin zien agenteei, eta "semeetako bat erabili zuen ezkutu gisa". Zorionez, umeak ez zuen minik hartu.
Espainiako Poliziak nabarmendu duenez, ez zegoen tratu txarren salaketarik —hala izaten da hilketa matxisten % 80n—.
Beste kasu bat ikertzen ari dira Kordoban
Gainera, Guardia Zibilak gaur zabaldutakoaren arabera, bikote baten heriotza ikertzen ari dira, indarkeria matxista kasu bat izan daitekeelakoan. Emakumearen eta gizonaren gorpuak Pozoblancoko (Kordoba) etxebizitza batean aurkitu dituzte, eskopeta tiroak zituztela, antza.
Urtea hasi zenetik, 33 emakume hil dituzte beste hainbeste gizon matxistek; 2003tik, 1.217.