Gizartea -
ASTE NAGUSIA
Boulevardeko Puntu Morea egunean 21 orduz zabalik egongo da Donostiako Aste Nagusian
Donostiako Udalak eraso sexistarik gabeko jaiak izatea nahi du, eta horretarako "denen inplikazioa" eskatu du Eneko Goia alkateak.
EITB MEDIA
Donostiako Aste Nagusiari begira (larunbatean hasiko da), eraso matxistei aurre egiteko Boulevardeko Puntu Morea abuztuaren 12tik 19ra bitartean egunean 21 orduz (13:00etatik 10:00etara) egongo dela irekita iragarri du Udalak.
Donostiako Udalak eraso sexistarik gabeko jaiak izatea nahi du, eta, aurtengo Aste Nagusia "guztiok askatasunean eta alaitasunean" bizitzeko, "denen inplikazioa" eskatu du Eneko Goia alkateak. "Adi egon beharra daukagu gertatu daitekeen edozein erasoren aurrean eta aktibo izan behar dugu", nabarmendu du.
Udal taldea Boulevardeko Puntu Morean izan da gaur goizean. Aipaturiko gune horretan, eraso sexisten aurkako informazioa eta sentsibilizazioa sustatuko dira, eta, halaber, bertaratzen diren emakumeei informazioa eta behar duten laguntza emango zaie. Puntu Morea itxita egongo den orduetan Okendo kaleko Emakumeen Etxean eskainiko da arreta.
Indarkeria matxistaren aurkako protokoloaren berri ere eman du Donostiako Udalak.
Bestalde, Udaletik gogoratu dute, urte osoan bezala, jaietan ere hiri barruko autobusek eskaripeko geldialdiak egingo dituztela emakumeen segurtasuna hobetzeko.